Gaztañeta itsas gizonarekin bidaian hasiko dute Barroko Aire
Musbika Ensemblek irekiko du Barroko Aire musika zikloa igandean. Bost kontzertu izango ditu aurtengo egitarauak, abenduaren 6ra bitarte.
Barroko Aire Musika Barrokoaren Egunak jaialdiak, musika estilo horren interpretatzaile onenetarikoak ekarriko ditu Ordiziara. COVID-19agatik jaialdia bertan behera geratzekotan egon zen, baina azkenean, Ordiziako Udalak kulturari bultzada emateko apustu sendoa egin du eta aurrera egingo dute jaialdiarekin. Gauzak horrela, datorren igandean, azaroak 8, jaialdiaren lehen emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, Ordiziako parrokian, 18:30etik aurrera. Musbika Ensemblek izango du jaialdia irekitzeko ardura, eta Antonio Gaztañetaren bidaia interpretatuko dute.
Itsas-gizon baten istorioa
Euskal Herrian hainbat itsas-gizon garrantzitsu izan dira, tartean Antonio Gaztañeta (1656-1728). Musbika Ensembleak, Antonio Gaztañetaren itsasontzian bidaiatzeko aukera eskainiko du, testu dramatizatu eta musikaren bitartez. Marinel paperean, Josu Camara aktorea, Antonio Gaztañeta mutrikuarraren gora-beherak kontatuko ditu. Kontakizunak kontestualizatzen du, taldeak jotzen duen musika. Tripazko sokak, klabea, arku barrokoak, larruzko estalkiak eta barroko garaiko irizpide historikoekin interpretatutako musikak Antonio Gaztañetaren garaiko Mutrikura eramango du ikus-entzulea.
Lortu gonbidapenak
Edukiera mugatua izango denez eta dagozkion segurtasun neurriak bermatzeko, kontzertuetarako aldez aurretik gonbidapenak jaso beharko dira, Barrena Kultur Etxean; sarrerak, doakoak dira. Sarrerak lortzeko deitu 943 80 56 30 telefono zenbakira.
- Azaroak 8. Musbika Ensemble, Antonio Gaztañetaren bidaia.
- Azaroak 15. Lau sasua, Vivaldiren Lau urtaroak.
- Azaroak 22. Vocalia eta Conductus Ensemble, Le muse veneziane.
- Azaroak 29. Thomas Ospital (organoa) eta Lucas Lipery-Meyer (tronpeta).
- Abenduak 6. Euskadi Brass.