Ipuin, bertso eta marrazki lehiaketan parte hartzeko epea zabalik dago
Ikastetxeetan lanak aurkezteko azken eguna azaroaren 27a izango da. Iparraldekoek ere 27ra arte izango dute lanak aurkezteko aukera Xaia ostatuan, eta Elorri elkartean epea azaroaren 30ean amaituko da.
Elorri Kultur Elkarteak eta Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri Euskara Elkarteak antolatuta, Segurako XVII. ipuin, bertso eta marrazki lehiaketa izango da aurtengoa. Euskal Herriko Lehen Hezkuntzako ikasleek hartu dezakete parte. Segurako, Zeraingo eta Mutiloako ikasleez gain, Iparra-Hegoan parte hartu duten ikastetxeei eta bertso eskolei ere zabaldu diete deialdia.
Ipuinak eta marrazkiak banaka egin eta aurkeztuko dira, eta marrazkiek orijinalak izan behar dute. Bertsoak, berriz, banaka edo binaka egin ditzakete 1. eta 4. maila artekoek, eta banaka egingo dituzte 5. eta 6. mailako ikasleek. Atal batean, bitan edo hirutan har dezakete parte.
Hiru gai ezberdin
6-7 urte bitartekoen gaia Aurten Olentzero beltza datorkigu izango da. Orrialde bateko ipuina edota 2 bertso izango dira. 8-9 urte bitartekoek, aldiz, Koronabirusa kalean eta Olentzero etxean’ gaia landuko dute, 2 orrialdeko ipuina edota 3 bertso sortuta. Aurten plastikoa duen ezer ez du ekarriko Olentzerok gaia egokitu zaie 10-11 urtekoei. Bizpahiru orrialdeko ipuina edota 4 bertso sortu beharko dituzte. Ikastetxeetan azken eguna azaroaren 27a izango da. Iparraldekoek ere 27ra arte izango dute lanak aurkezteko aukera Xaia ostatuan, eta Elorri elkartean epea azaroaren 30era arte izango da.
Sari banaketa abenduaren 12an izango da, Botikaxahar kulturgunean, 12:00etan. Aurten ez dute hamaiketakorik izango koronabirusa dela eta.