Zuberoako ikastolen aldeko saski salmenta kanpaina abian da
Ikaskoli ekimenak Zuberoako ikastolen aldeko saskien salmenta jarri du martxan. Abenduaren 1era arte egin daitezke eskaerak. Goierrin, Seguran eta Lazkaon jaso ahal izango dira.
Beste urtebetez Zuberoako ikastolei diruz laguntzeko kanpainari ekin diote eta dagoeneko saskiak erosi daitezke ikaskoli.eus webgunean. Abenduaren 1era arte egin daitezke eskaerak, eta abenduaren 10ean eta 11n egingo dituzte banaketak. Dena den, COVID-19ak eragindako osasun egoera dela eta, banaketek atzerapena izan dezakete.
Hiru saski daude aukeran: Ahüzki saskian, 40 eurotan, txerriki patea, ahate gibel berrosatua, eztia, bixkotx poltsa artisanala eta ardi gazta banatuko dute; Irati saskian, 55 euroren truke, aurrekoari axoa, hau da, xahalki xehatua saltsan gehituko diote; eta Orhi saskian, berriz, 77 eurotan, ahate gibela, bixkotx gatzatuak, lukainka idorra, azafrai erreximenta eta gazta izango da. Goierriko bi herritan jaso daitezke saskiak: Segurako Kale Nagusiko 13 zenbakian eta Lazkaoko Gerriko liburu dendan. Eskaera egiterakoan aukeratu daiteke banaketa gunea. Jasotako dirua Zuberoako ikastolentzako izango da.
2003an hasi ziren Zuberoako ikastoletako gurasoak tokiko ekoizpenekin egindako saskiak saltzen. Euskara sustatzea eta bertako ekoizpena ikustaraztea du helburu ekimenak. Ipar Euskal Herrian euskarak babes ofizialik ez duenez eta ikastolek bermatzen dutenez euskararen transmisioa eremu horretan, ikastolei bideratzen zaie dirua. Iaz 1.600 saski saldu eta 17.000 euro jaso zituzten.
Aurtengo eguberrietako kanpaina garrantzitsua izango dela adierazi dute. Izan ere, urteko ekimen guztiak bertan behera gelditu dira osasun egoeragatik eta, ondorioz, hori izango da diru sarrera bakarra.