Zubizarreta, banakakoaz: «Esperientziatzat hartuko dugu lehen partida hau»
Buruz buruko txapelketa nagusiaren estreinakoan, Iraitz Zubizarretak 22 eta 7 galdu du Dario Gomezen aurka. Abaildu gabe, logikoena ongi barneratu du. Ataunen, ikusleekin azkena
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/11/2020-11-10-p005_f01.jpg)
Ezin izan du Iraitz Zubizarretak Buruz Buruko Txapelketa gorenean ametsa gehiago luzatu. Dario Gomez bera baino gehiago izan zen ostiral arratsean, Ataungo Auzoetako estreinaldian. 22 eta 7 menderatu du ataundar debutaria, eta Ezkaraikoak segiko du aurrera. Final-laurdenean, Iker Irribarria aramar txapeldunak aurre egingo dio, asteburu honetan.
Estreinaldia adina despedida ere izan zen ostiraleko jaialdia, Ataunen. Publikoa frontoian bertan dela jokatu den aurreneko eta ziurrenik azkeneko partida izan zen. 150 bat ikuslek itxuratu zuten Auzoeta.
Sakearekin egundoko kaltea egin zion Dariok Zubizarretari. Begiak irekitzerako, 4-0 atzetik zen Aiakoa, hiru sake hutsekin. 12 sartu zizkion hala errioxarrak.
Hala eta guztiz, lehen oldarraren ondoren, 11-7ra gerturatzea lortu zuen Iraitzek. Baina hor geratu zen, kanpoko hegoia bezain azkar joan zelako Dario 22raino. Frontoia erabat irristakor utzi zuen, hautsagatik. 169 pilotakada eta 37 minutu iraun du Zubizarretaren lehen banakakoak.
Esperientziatzat
«Azkar samar hasi naiz, opari batzuk egin ditut, eta erdira arte markagailuan berarekin batera ez ailegatzearen pena daukat. Gero, erditik aurrera, abiadura handia sartu dio, saketik min ikaragarria egin dit eta merezimendu guztiz irabazi du. Penarekin, baina esperientziatzat hartuko dugu partida hau», zioen Iraitz Zubizarretak bukaeran.
Hiru neurketako jaialdia izan zen Ataungoa. Lehenik, Promozioko banakakoari ekiteko, Erasun gipuzkoarrak 22 eta 9 irabazi zion Larrazabal arabarrari. Azkenekoan, Olaizola II.a-Arangurenek 22, Arteaga-Albisuk 18.