Euskal eta valentziar pilotaren arteko zubia
Euskal pilotari buruzko ikerketa lan bat egitera etorri da Valentziatik Euskal Herrira Jose Antonio Carbonell unibertsitate irakaslea. Familia osoa ekarri du, eta hiru hilabeteko egonaldia egingo du Bergaretxen.
Brinkola auzoan dagoen Bergaretxe Geltokian familia osoarekin hiru hilabeterako ostatu hartuta, Valentziako (Herrialde Katalanak) Jose Antonio Carbonell unibertsitate irakaslea euskal pilotari buruzko ikerketa lan bat egiten ari da Euskal Herriko Unibertsitatean. Valentzian ere jokatzen da pilotan, eta hemen kirol hori erakusteko erabiltzen diren metodoak eta esperientziak aztertzen ari da.
L’Alacanti eskualdeko Agost herrikoa da Carbonell, eta ikerketa burutzeko Bergaretxen hartu du ostatu emaztearekin eta 5 eta 2 urteko bi semeekin batera. Lana egiten ari den bitarterako, haurrak Domingo Agirre eskolan hasi dira, «oso pozik doaz, euskararekin ere moldatzen hasi dira». Bizikletak ekarri dituzte egonaldirako, eta ahal duten guztietan pilotan jokatzera eta inguruak ezagutzera joaten dira.
Antzeko kirolak
Heziketa fisikoko irakaslea da Carbonell. Lehen Hezkuntzan, zortzi urte eta Bigarren Hezkuntzan beste lau urte egin eta gero, unibertsitatera egin zuen salto, eta gaur valentziar pilota ikertzen du eta erakusten du Alacanteko Kirol Zientzien fakultatean. Euskal Herrira ikerketa beka baten bidez etorri da, pilotaren munduan gehiago sakontzeko aitzakiarekin. Euskal pilotaren irakaskuntza eta entrenamendu metodoak aztertzen ari da, han aplikatu ahal izateko, hemen bezala pilota eskolak ere badaudelako.
Euskal Herriko pilota eta Valentziakoa jatorri bera duten kirolak direla azaldu du Carbonellek, eta antzeko modalitateak dituztela. Hala, «hemengo bote luzea eta Valentziako llargues ia berdinak dira, eta erreboteak eta laxoak ere arau berdinak dituzte». Pilotalekuari dagokionez, hangoak txikiagoak direla ere azaldu du, hemengo trinketeen antzekoak, eta gutxi daudela, modalitate asko kalean jokatzen direlako. Hala ere, «Aztirian bezala, instalazio txikiak, denentzako irisgarriak eta atseginak lortzeko borrokatzen ari gara». Erremintarik ez dutela erabiltzen ere esan du, «eskuz jokatzen dugu beti, eta modalitate batzuk sarea dute erdian eta paretarik gabekoak dira». Hemen bezala pilota kirol profesionala ere badela gehitu du, scala corda eta raspall modalitateetakoak, «baina zuena askoz ere ezagunagoa da, mundu osoan gainera».
Ikerketa Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean burutzen ari da, astean hiru egunetan joaten da, eta Valentziako pilotari buruz dituen ezagutzak ere partekatzen ditu ikasleekin, Uxue Hernandezekin batera teoria eta praktika tartekatuz ematen dituen klaseetan. Une honetan galdetegi bat ari dira prestatzen pilota entrenatzaileei zuzenduta, «entrenamendu ariketak eta irakaskuntza zertan oinarritzen dituzten jakiteko». Teknika, taktika, modalitate desberdinak… pilotan ikasteko asko dagoela dio, «amaigabeko prozesua da».