Banketxe baten sukurtsalari su eman diote Ormaiztegin
Euskadiko Kutxaren egoitzan sutea izan da goizaldean. Sarrera kiskalita dago eta pintatuak egin dituzte.
![](https://goierri.hitza.eus/site/files/2020/11/20201113_090032.jpg)
Ormaiztegiko Euskadiko Kutxaren sukurtsalak erasoa jasan du goizaldean. Ezezagunek su eman diote, eta sarrera kiskalita gelditu da. Lekukoen arabera, goizeko 06:00ak aldera zarata bat entzun eta sua zegoela konturatu dira. Suhiltzaileak eta Ertzainak joan dira bertara, eta lehen ikerketen arabera, etxean egindako gailu baten leherketak eragin du sua, eta sarrerako kristala ere apurtu du.
Une honetan, sarrera garbitzen eta kalteak neurtzen ari dira. Egoitzaren hormetako batean, Txikito SOS dioen pintaketa ere agertu da.