Xabi Zurutuzak Espainiako txapelketa irabazi du Supermoto Road 250 kategorian
Moto gidari legazpiarrak LLeidako Alcarras zirkuituan irabazi du titulua. Valentziako Albaidan eta Alacanteko Villenan jokatu dira txapelketako beste bi probak. Zurutuza faboritoen artean zegoen hasieratik.
Xabi Zurutuza moto gidari gazteak (Legazpi, 2006) beste titulu garrantzitsu bat gehitu du bere palmaresean, Supermoto Road 250 kategoriako Espainiako txapeldunarena. Atzo, azaroak 15, irabazi zuen txapelketa Lleidako Alcarras zirkuituan egindako lasterketan. Pilotu gazteak sare sozialen bidez zabaldu duenez, lasterketako lehen proban bigarren postua egin zuen bere kategorian, eta bigarren proban, erori eta min hartu eta gero, lehen postuan amaitzea lortu zuen. Emaitza on horiekin eta Valentziako Albaidan eta Alacanteko Villenan jokatu diren txapelketako beste bi lasterketetan jasotako puntuekin, Espainiako txapelketa irabazi du.
Zurutuzak denboraldi honetan Phoenix Racing Team taldearekin lehiatzen du, eta azken txapelketa talde horri eskaini dio; babesleak, gurasoak eta familia ere ez ditu ahaztu.
Emaitza bikainak ari da lortzen motorrarekin Zurutuza. Iaz ere Espainiako txapelketa irabazi zuen Supermoto 250cc kategorian, eta 2018an ere bai, Supermotard 85cc-an. Aurreko urtean, 2017an, Espainiako hirugarrena izan zen, Supermotard 65cc kategorian.