Ainhoa Aizpuruk foru diputatu izateari utzi dio
Gipuzkoako Foru Aldundiaren berregituraketaren ondorioz, gabiriarrak zuzentzen zuen Proiektu Estrategikoen Departamentua zuzendaritza bihurtu eta Sustapen Ekonomikoaren Departamentuaren barruan txertatu dute. Lehengo lanpostura itzuliko da Aizpuru.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren berrantolaketaren ondorioz, Ainhoa Aizpuru diputatu gabiriarrak herrialdeko foru gobernuko kide izateari utziko dio. Markel Olano diputatu nagusiak eguerdian azaldu ditu COVID-19aren egoerak baldintzatuta aldundiaren egituran egin dituzten aldaketak. Arlo ekonomikoko departamentuei eragingo die berrantolaketak.
Hala, Aizpuru buru zuen Proiektu Estrategikoen Departamentua zuzendaritza mailara jaitsiko dute, eta Sustapen Ekonomikoa, Turismoa eta Landa Eremua Departamentuaren barrura pasatu dute. Jabier Larrañaga izango da horren diputatu arduraduna, orain arte Ogasunekoa izan dena (Jokin Perona oriotarrak hartu du Ogasun diputatutza, zuzendari kargutik igota). Sustapen Ekonomikoko diputatu Imanol Lasak ere diputatu kredentziala utziko du, eta Markel Olanoren kabinetera igaroko da, konfiantzazko aholkulari bezala. Lehen diputatunagusiorde postua ere utzi du Lasak, eta Eider Mendozak hartu du figura hori.
Aizpuru 2015etik da diputatu. 2015-2019 legealdian Sustapen Ekonomikoko diputatu izan zen. Iazko foru hauteskundeen ondoren aldundia eratu zenean, Proiektu Estrategikoen Departamentu berrian kokatu zuten. Olanok azaldu duenez, COVID-19aren krisiak behartu du ikuspegi estrategikoa birformulatzera. Hala eta guztiz, Proiektu Estrategikoen arloan urte betea izan du Aizpuruk. Hainbat proiektu eta fundazio abiarazi dituzte, epe horretan: Mubil (elektromugikortasuna), Ziur (zibersegurtasuna), Adinberri (zahartze osasuntsua), edota Elkar Ekin Lanean (inklusioa).
Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran onartu ditu kargu uzteak eta hartzeak. Bihar sartuko dira indarrean. Ainhoa Aizpuru BIC-Gipuzkoa enpresan lehenago zuen lanpostura itzuliko da, “start-up enpresen laguntzeko eta herrialdeko ekintzailetasuna sustatzeko” lanera.
Olanok Aizpururen lana, “erakutsitako konpromiso politikoa eta inplikazioa” eskertu ditu. “Konpromiso politikoa askotan gure gizartean ez da oso ongi ikusia izan. Ni ziur nago gure lurraldeak eta herriak daukaten balio inportanteenetakoa eta politenetakoa hori dela: pertsona batek herriaren alde bere konpromisoa adieraztea, bere lanbidea utzi, eta urte batzuetan, kasu honetan Ainhoak sei urtean, arlo publikoan eta herrigintzan eskaintzea buru-belarri bere burua. Hori nabarmentzekoa eta azpimarratzekoa da, eta esker publiko bat adierazi nahi diot”, esan du diputatu nagusiak eguerdiko agerraldian.