Beasaingo ostalariek eta merkatariek manifestazioa egin dute
Negozioen atzean familiak daudela gogoratu dute eta aurrera ateratzeko beharrezkoak dituztela. Berehalako laguntzak eskatu dituzte etorkizuna beltz ikusten dutelako
Beasaingo ostalariek, merkatariek eta zerbitzuen alorreko langileek egoera jasangaitza bizi dutela oihukatu dute herrigunea zeharkatu duen manifestazioan. SOS deia egin dute eta administrazio publikoari “berehalako” laguntzak eskatu dizkiete, egoera luzatuz gero askoren azkena izango delako. “Negozio bakoitzaren atzean familia bat dago, eta askorentzat ezinbesteko diru sarrera da. Itxita daudenek ez dute diru sarrerarik. Eta zabalik dauden askok ez dute lanik”, dio manifestazioan parte hartu duen merkatari batek. “Dena kate bat da”, gaineratu du. “Tabernak eta jatetxeak itxita, banatzaileek nori banatuko diote? Eta komertzialek nori saldu? eta jendeak ez badu lanik egiten, dendetan erosketak egiteko dirurik izango du?”
Etorkizuna ilun ikusten dute. Laguntzak urriak direla salatzen dute eta epe laburrean ateak zabaltzeko esperantzarik ez dute. “Egoera hau ez da berehalakoan amaituko, eta kutsatzeko arriskua dagoen artean egoera ez da lehengoratuko”. Bezeroen artean kutsatzeko beldurra sumatzen duela dio dendariak.
Protestekin jarraituko dute
Hirugarren sektoreko langileei herritar ugari batu zaizkie. Babesa eskertu dute. Datozen asteetan presio egiten jarraituko dutela iragarri dute, euren ezinegona transmititzeko eta laguntzak lortzeko.