Euskal dantzetan sakontzeko saioak, Beasainen
Datorren astean hasiko da ikastaroa eta beasaindar guztiek izango dute tokia bermatua
Beasaingo Udalak eta dantzan.eus elkarteak euskal dantza tradizionalen jakintza eta formakuntza sustatzeko ekimenak antolatu dituzte. Umeei bideratutako ikastaroa egingo da alde batetik, eta Jon Olazkuagak hitzaldi dantzatua eskainiko du, bestetik. “Beasain euskal dantza tradizionalen topaleku eta erreferentzia” bilakatzea duela helburu azpimarratu du udalak, eta halako ekimenei esker tokiko dantza tradizionala egonkortu, finkatu eta hedatu egiten dela dio.
Haurrei zuzendutako ikastaroari Lau urrats eta kitto! izena jarri diote, “lau urratsekin euskal tradizio koreografikoaren zati eder bat dantzatu eta gozatu” daitekeela defendatzen dutelako. Claude Iruretagoiena eta Jon Olazakuaga Maritzuli konpainiako dantza-maisuek gidatuko dituzte saioak. Lau saioetan lehendabizikoa datorren larunbatean izango da, 10:00etatik 13:00etara, Antzizar kiroldegian. Online bidez eman behar da izena, baina beasaindar guztiek lekua bermatua izango dutela iaragarri dute.
Lau urrats eta kitto! | |
Azaroak 28 | |
Urtarrilak 9 | |
Otsailak 27 | |
Martxoak 13 | |
Saio guztiak 10:00etatik 13:00etara izango dira, Antzizar kiroldegian |
Apirilaren 17an, berriz, Olazkuagak Pamperruque hitzaldi dantzatua eskainiko du. Pamperruque XVIII. eta XIX mendeetan Lapurdiko kostaldeko hiriguneetan kalez kale eskutik helduta dantzatzen zen dantza da. Maritzuli taldeak urteak daramatza dantza hau berreskuratzeko ikerketa eta zabalkunde lanetan, eta datorren urtean Beasainera ekarriko du. Kasu honetan ere izena eman behar da.