Ikerketa da helmuga
Eguzkiak Iraun Bitartean deituriko erronka gauzatu du Aritz Egea mendi lasterkari urretxuarrak. Helburu da SuperH eta BailaConEM elkarteen bidez, lortutakoa ikerketara bideratzea
Elkartasunez beteriko erronka gauzatu du Aritz Egea mendi lasterkari urretxuarrak. Helburua, SuperH (Haur minbizia) eta BailaConEM (esklerosi anizkoitza) elkarteei laguntzea zen, eta baita lortu ere, igande arratsalderako, 18.312 euro zituzten bilduta. Bildutako guztia, bi gaixotasun horien ikerketarako bideratuko dute. «Lehen aldia da ez dudana niregatik korrika egiten, beste batzuengatik ari naiz korrika eta horrek indarrak ematen dizkit», horiek dira urretxuarraren hitzak.
Larunbatean 08:02an abiatu eta 17:47 arte korrika aritu zen Egea. Ezkioko Santa Lutzi auzotik atera zen eta Izazpiko tontorrera joan-etorrian aritu zen, Eguzkiak Iraun Bitartean lemapean. Eguzkia atera zenetik korrika, gelditu gabe, Ezkiotik, Izazpira 7 itzuli oso eta erdi egitea lortu zuen, 17:47ak aurretik. Denera 83,03km egin zituen eta 5.600m desnibel positibo, inoiz egin duen lasterketarik luzeena. Hori kontutan izanda, eta Egea berak esan moduan, «45 km.tik aurrerakoa erronka bat» zen, eta gorputzak nola erantzungo zion, hori zen bere kezka nagusia.
Egeak bere bizitzako lasterketa garrantzistuenetakoa egin bitartean, kirolari eta kirol klubek emandako produktuen zozketan parte hartzeko izen eman zitekeen euro baten truke, eta baita ekarpen ekonomikoak egiteko ere.
Erronkaren laguntzaileak
Erronka honetan protagonista nagusia Aritz Egea izan bada ere, aipatzekoak dira, erronkara batu diren gainontzekoak ere. Ekitaldiaren logoa Kilian Jornet mendiko korrikalariak marraztu du.
Zozketarako materiala luzatu dute, Alex Aranburu, Markel Irizar eta Gari Bravo txirrindulariek; Pou anaiak, Patxi Usabiagak eta Alex Txikonek mendiko materiala; Realak, Athleticek eta Eibarrek; Salomon etxeak; Laia Sanz trial, enduro eta rally raideko pilotuak; Nuria Picas, Sheila Aviles, Maude Mathys, Stian Angermund, Jim Walmsley, Bart Przedwojewski, Pablo Villa eta Pau Capel mendi korrikalariek.













