Jesus Mari Gibelalde eta Antton Sukia, bi goierritar Korta sariarekin
Enpresa alorrean egin duten ibilbidea eta erakutsi duten kemena aitortuko die Eusko Jaurlaritzak. Imat altzairu enpresa sortu du Gibelaldek, eta Sukia Eraikuntzak Sukiak
Jesus Mari Gibelaldek (Legazpi, 1946) eta Antton Sukiak (Zaldibia, 1939) Eusko Jaurlaritzaren Korta 2020 sariak irabazi dituzte Jose Luis Larrañaga azkoitiarrarekin eta Jose Maria Bergaretxe bilbotarrarekin batera. Azaroaren 23an Lakuan egingo den ekitaldian jasoko dituzte sariak lau enpresariek, Arantxa Tapia sailburuaren eskutik.
Gasteizko Imat altzairu eta diseinu enpresaren sortzailea eta lehendakaria da Gibelalde, eta Sukia, berriz, Sukia Eraikuntzak enpresaren sortzailea da.
Korta sariak 2009. urtetik ematen ditu jaurlaritzak, 2000.ean ETAk eraildako Joxe Mari Korta enpresaburua eta orduko Adegiko presidentea gogoratzeko, eta enpresaren alorrean ibilbide zabala eta enpresa hobekuntzaren alde lan egiten dutenei eskertza adierazteko.
Gibelalderen altzariak
Jesus Mari Gibelalde legazpiarrak Hernanin hasi zuen bere ibilbidea, Papelera del Norteren zuzendari komertzial eta esportazio zuzendari gisa. 1974an Gasteizera joan zen eta Imat enpresa sortu zuen; metalezko sehaskak egiten zituen. 1994tik eserlekuak diseinatu eta egiten ditu, ospitaleetarako, unibertsitateetarako, tren geltokietarako eta, batez ere aireportuetarako. Imat-en produktuak bost kontinenteetako 130 herrialdetan aurkitu daitezke.
Gibelaldek lanean jarraitzen du, Imat-eko lehendakari exekutibo gisa. SEA Arabako Enpresen Elkartean, Confebask-en sorkuntzan, eta Arabako Merkataritza eta Industria Ganberan bere alea jarritakoa da gainera.
Sukia eraikuntzak
Iturgin gisa hasi zen lanean Sukia zaldibiarra, 18 urterekin. Gutxira, uren bilketara eta urbanizazioetara zabaldu zuen negozioa, eta 1974an Construccio- nes Sukia Eraikuntzak sortu zuen, familiaren etxean.
Kalitatezko lana egitea eta enpresa etikaz eta zintzotasunez garatzea izan dira bere ibilbidearen giltzarriak, produktu berriak, makineria onena eta teknologia berriztatzaileen erabilerarekin batera. Obra garrantzi- tsuak egin ditu Sukia enpresak, lehenetarikoa Bergarara, Ondarroara edo Elgoibarrera ura eramateko lana. Obra zibilaren arloan, N-1 errepidea bitan banatzeko lanetan eta Leitzarango autobidearen eraikuntzan parte hartu zuen. Higiezinen sustapena ere jorratzen hasi zen, eta hori da gaur egun enpresaren erreferentziako jarduera
Antton Sukiak euskal enpresen arteko lankidetza sustatu du, eta langileek enpresan parte hartzeko ekimenean ere aitzindari izan da.