Legazpi prest dago Euskaraldirako
Herrian 600dik gora belarriprest eta ahobizi daude izena emanda, eta 100-bat entitate izango dira arigune. Euskaraldiko hamabostaldia girotzeko, ipuin lehiaketa, bertso saioa eta sare sozialen bidez kaleratuko duten Legatzbi komikia prestatu dituzte.
Legazpiarrak prest daude Euskaraldirako. Hala adierazi dute Amaia Zaldua udaleko euskara zinegotziak eta Nekane Beloki herriko batzordeko ordezkariak, euskararen erabilera bultzatzeko ariketa kolektiboak herrian emango duena aurkezteko egin duten ekitaldian.
Euskaraldia azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da, eta Legazpin dena prest dago; 600dik gora herritarrek eman dute izena belarriprest edo ahobizi izateko, eta beste 100-bat entitate arigune izango dira. Oraindik badago aukera izena emateko, internetez euskaraldia.eus webgunean, eta hilaren 20ra bitartean egunero 17:00etatik 19:00etara Agirre-Etxeberrin jarriko duten mahaian. Belarriprest, ahobizi eta arigune txapak ere bertan banatuko dituzte, eta Euskaraldiko maskarak ere salgai izango dituzte.
Euskaraldiaren egitaraua
Legazpin Euskaraldia antolatzeko osatu den herri batzordearen atzean bederatzi pertsona daude, baina boluntario poltsa handia dute inguruan. Denen artean, ekintza egitarau bat osatu dute, eta bertan jasotako “ipuin labur, labur laburren lehiaketa” nabarmendu behar da.
Lehiaketa horrekin lotuta, Kale Nagusian eta Laubide auzoan Euskaraldiaren etxetxoak jarri dituzte, lanak aurkeztu ahal izateko. Azaroaren 22a izango da horretarako azken eguna. Adin mugarik ez dago, baina lanean adina adierazi beharko da; eskuz eta edozein euskarritan idatzitako ipuinak aurkeztu beharko dira, Euskaraldiaren Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan leloan oinarritutakoak, eta gehienez 11 lerrokoak. Epaimahaia Ane Odriozola eta Mari Romero idazleek eta Asier Iriondo bertsolariak osatuko dute. Hiru sari emango dituzte, herrian erosteko bonoak hain zuzen. Sari banaketa abenduaren 3an izango da.
Bertso saio bat ere antolatu dute, azaroaren 28rako, Bertso Olariak eskolarekin elkarlanean. Latxartegin izango da, eta Irati Alkantarilla, Xabier Silveira, Oihana Iguaran eta Amaia Iturriotz. Mikele Arizkorretak gidatuko du saioa.
Bestetik, euskararekiko giroari eusteko, bi komiki pertsonai sortu dituzte eta tira batzuk zabalduko dituzte sare sozialetan, Euskaraldiarekin zerikusia duten egoerak adierazteko. Legatzbi izango da komiki tira horien izenburua, eta protagonistak bi legatz izango dira, ahobizia bat eta belarripresta bestea.