Bareakek eta udalak herrian erosteko erraztasunak emango dituzte
Beasaino Udalak 20 euroko erosketa-bonuak banatuko ditu etzitik aurrera. Bareakek 20 euroko hamar txeke zozkatuko ditu. Herrian erostea «herritarrengan inbertitzea» dela diote
Beasaingo Udalak eta Bareak merkatari elkarteak Erosi Beasainen kanpaina abiatu dute. Beasainen erostea «herritarrengan inbertitzea» dela nabarmendu dute, «izan ere, gure herriko dendetan inbertitzen dugun diruak bertan zirkulatzen jarraitzen du, eta gure inguru hurbileko oparotasun ekonomikoari laguntzen dio. Etekinak gertuko pertsonen eta familien artean banatzen dira eta ez enpresa handietan», diote. «Kontsumoa botere handiko tresna da zein herri nahi dugun aukeratzeko orduan. Beasainen erostea aukeratzen dugunean bizirik dagoen Beasain bat lortzen ari gara».
Aukeraketa errazteko Beasaingo Udalak beste 7.500 bonu plazaratuko ditu. 30 euroren truke 50 gastatu ahal izango dira eta falta diren 20 euroak udalak bere gain hartuko baititu. Udalak 150.000 euro bideratuko ditu.
Bonuak etzi hasiko dira banatzen, kanpaina honetara atxikitu diren merkataritza-saltoki guztietan. Abenduaren 31 baino lehen erabili beharko dira, herriko saltoki guztiei eman zaie parte hartzeko aukera.
Aurreko txandan ez zen horrela izan: soilik udaberrian itxita egon ziren saltokietan erabili zitezkeen. Halere, 300.000 euroko gastua sortu zen 120.000 euroko laguntzarekin. Hirugarren sektoreko langileen balorazioa positiboa izan zen.
Txekeak, zozketan
Bareak merkatarien elkarteak ere lagunduko du. Euren kasuan 20 euroko hamar txeke zozkatuko dituzte elkartearen barruan dauden dendetan erosten dutenen artean.
Azaroaren 16an hasiko dira txartelak banatzen. Zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta aukera gehiago.