Euskaraldia ostiralean hasiko da, euskara 'gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan' erabiltzeko aldarrikapenarekin
Aurretik girotze ekitaldiak eginda, ostiralean hasiko da bigarren edizioa. Aurten ere belarriprest eta ahobizi figurak izango dira. Ariguneak ere izango dira, taldeei begira, 630 Goierrin
Aurkezpenak, formakuntza saioak, izena emateko eta txapak jasotzeko postuak, girotze ekitaldiak… Bigarren Euskaraldia ostiralean hasiko da, baina euskararen erabilera bultzatzea helburu duen ariketa sozial honek aurretik egin ditu bere ibilbidearen lehen urratsak. Euskaraldiak abiadura hartu du dagoeneko, eta geldiezin bihurtu da.
Gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan leloa alboan duela, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean gauzatuko da Euskaraldiaren bigarren edizio hau. Lehenak baino bost egun gehiago iraungo du, eta orduan sortutako belarriprest eta ahobizi figurez gain, ariguneak ere izango ditu, herritarrei banaka ez ezik, taldean ere hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera emanez.
Belarriprest edo ahobizi izateko izena eman behar da, eta Euskaraldia hasi bitarterako denbora dago horretarako. Internetez egin daiteke, euskaraldia.eus webgunean, edo herri bakoitzean izendatutako tokietan. Lehen edizioan, 225.000 euskal herritar izan ziren ahobizi eta belarriprest; oraingoan langa hori gainditzea da helburua.
Txapak izango dira berriz ere bi figura horien adierazleak, baina aurtengo egoera berezia baliatuz, musukoak ere izango dira belarriprest eta ahobizi izango direnek eramateko.
Ariguneak, 630 Goierrin
Arigunearen figurak, berriz, ez du estreinaldi makala izan. Euskaraz aritzeko babesgune edo eremu izateko 6.800 entitatek eman dute izena aurretik, eta horietatik 630 Goierriko herrietakoak dira.
Arigune, ahobizi eta belarriprest txapak, nonahi
Euskaraldian parte hartzen dutenek txapa bana jasoko dute, belarriprest, ahobizi edo arigune direla adierazteko. Lehen edizioan erabilitako belarriprest eta ahobizi txapak berriz erabili daitezke bigarren edizio honetan, baina txaparik gorde ez zutenek edo izena lehen aldiz eman dutenek, Goierriko herri bakoitzean zehaztutako guneetan jaso dezakete.
Herri batzuetan egin dute dagoeneko txapa banaketa, baina beste batzuetan aste honetan zehar ariko dira zeregin horretan. Idiazabalen, adibidez, liburutegian jaso daitezke astean zehar, zabalik dagoenean. Ormaiztegin, Zumalakarregi museoan zein jubilatuen bulegoan jaso daitezke; eta Olaberrian, bihar jarriko dute mahai bat herri gunean horretarako, 18:30etik 20:00etara. Legorretan, ostiralean da hitzordua, plazan, 18:00etan. Lazkaon ere kalean jarritako mahaian egingo dute banaketa, bihar, 18:00etatik 20:00etara eta etzi, 18:30-20:30 artean. Legazpin, Agirre-Etxeberrin ari dira, 17:00etatik 19:00etara.