Ostalaritzaren aldeko manifestazioa deitu dute Legazpin larunbaterako
Pandemia dela eta, Eusko Jaurlaritzaren aginduz itxita dagoen ostalaritzari elkartasuna adierazteko eskatu diete legazpiarrei. Udaletxe atze aldetik aterako da manifestazioa 18:00etan
Herriko ostalariei eta ostalaritzari orokorrean elkartasuna adierazteko manifestazioa deitu dute Legazpin larunbaterako, azaroak 21. Hitzordua 18:00etan izango da, udaletxe atze aldean. Manifestazioan Legazpi, Urretxu, Zumarraga eta Oñatiko edari banaketako eta bestelako zerbitzuetako langileek ere parte hartuko dute, euren ibilgailuekin.
Ez da ostalaritzaren alde Legazpin egingo den lehen agerraldia, Eusko Jaurlaritzaren aginduz establezimendu guztiak itxi eta egun batera, azaroaren 8an, elkarretaratze jendetsua egin baitzen Euskal Herria plazan, oraingo manifestaziorako erabiliko duten lelo berarekin: SOS ostalaritza.