Santa Zezilia modu birtualean ospatuko dute Toberako ikasleek
Bihartik aurrera 14 kontzertu eskainiko dituzte 'online', kultur erakustaldi amateurrak ez dituztelako baimendu. Webgunean eta sare sozialetan jarraitu ahal izango dira
Azaroaren 22an Santa Zezilia eguna ospatu ohi da Goierriko hainbat herritan. Musikarien zaindaria da Santa Zezilia eta musikaz betetzen dituzte kaleak haren omenez musika eskoletako ikasleek. Aurten, dena den, beste bide batzuk bilatu dituzte musika jendartean zabaltzeko pandemia egoerari aurre egiteko neurriak direla eta.
Tobera Segurako, Zegamako, Zeraingo eta Mutiloako musika eta dantza eskolak kontzertu birtualak eskainiko ditu Santa Zezilia egunaren harira ostegunetik aurrera. Eskolako webgunean, Youtube kanalean edo sare sozialen bidez jarraitu ahal izango da. Guztira 14 musika bideo zabalduko dituzte.
Iker Gomez de Segura eskolako zuzendariak azaldutakoaren arabera, profesionalek eta erdiprofesionalek soilik egin ditzakete kontzertuak zuzenean Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriei erreparatuta. Horregatik, Santa Zezilia ospatuko dute, baina modu ez presentzialean. Gaur egungo abestiak zein pieza klasikoak aukeratuu dituzte ikasleek.
Dokumentuen gorabehera
COVID-19ak eragindako osasun egoeragatik, Toberan ikasturte honetan 3 dokumentu osatu dituzte ikasleen, senideen eta langileen segurtasuna bermatze aldera. Lehena, ikasturte hasieran, jardunbide orokorren inguruan izan zen; bigarrena senideentzako jarraibideak izan ziren; eta hirugarrena, azkena, kutsatzeen aurrean nola jokatu adierazten duen txostena izan da. Neurriak betetzeko egoitza lekualdatu behar izan dute Zegaman eta espazio erabilgarriak moldatu dituzte Seguran eta Zerainen.
Azaroaren 7an argitaratutako dekretuaren arabera, musika eskoletan gauzatzen diren hezkuntza jarduerek martxan jarraitu dezakete, baina ezin dute zuzeneko emanaldirik eman musikari amateurrek. Etxetik etxera izango da aurten.
Egitarauko abestiak:
· Storyline (Melody Bober). Piano bakarlaria: Aintzira Zabaleta
· Secrets o the Nile (Martha Mier). Piano bakarlaria: Naiara Iraola
· Sarabande (William Gilock). Piano bakarlaria: Laia Apaolaza
· Julia (Ludovico Einaudi). Piano bakarlaria: Malen Otaegi
· Habanera-Carmen (GeorgesBizet). Zeharkako txirula: Irati Goiburu, Ane Ormazabal, Laia Izagirre, Ainhoa Korta.
· Dance Monkey (Tones and I). Zegamako 2D eta 2E ikasleak, gorputz perkusioarekin.
· Greensleeves (Ingalaterrako herri doinua). Txistu banda.
· Zortzikoa. Txistu bakarlaria: Jose Luis Herranz.
· Maiteak galde egin zautan (herrikoa). Oihan eta Maddi Telleria txistu bakarlariak.
· Arratsalde honetan (SorotanBele). Gitarra hirukotea: Ander Iturbe, Izadi Argaiz eta Iban Unamuno.
· Fast car (Tracy Chapman). Gitarra: Irati Urbizu, NahiaSolis, Ane Irizar. Bateria: ManexRivela.
· Zurekin batera (ETS). Gitarra hirukotea: Iraia Larrea, Adei Izeta, Iban Unamuno.
· Beti eskamak kentzen-Kalejira. Trikiti, pandero eta perkusio taldeak Seguran eta Zegaman.