Musukoek %4ko BEZa izango dute, 2021eko abenduaren 31ra bitartean
Musuko kirurgikoei soilik aplikatuko zaie karga. Gehienezko prezioa 62 zentimokoa izango da BEZa barne. %21eko BEZa izan dute orain arte. Lau orduko iraupena dute
Musuko kirurgikoek %4ko BEZa izango dute 2021eko abenduaren 31ra arte. Espainiako Gobernuak joan den astean jakinarazi zuen musukoen BEZa jaitsiko zuela eta herenegun sartu zen indarrean dekretua. %21etik %4ra jaitsiko dute karga, oinarrizko premia duten artikuluei ezartzen zaien ehunekoa.
Musuko kirurgikoei soilik eragingo die dekretuak eta gainontzekoek orain arteko BEZa izaten jarraituko dute. Kargaren jaitsierarekin batera, salmentarako gehienezko prezioa ere ezarri dute. 96 zentimoko gehienezko prezioa ezarri zioten musuko kirurgikoari pandemia hasi zenean, apirilean, eta aurrerantzean, gehienez, 62 zentimo balioko ditu musuko bakoitzak datorren urte amaiera arte. Bestelako musukoei dagokienez, adibidez FFP2 delakoen prezioa eskaeraren eta eskaintzaren arabera finkatzen da oraingoz, hau da, merkatuak arautzen du gehienezko prezio hori.
Espainiako Gobernuko Maria Jesus Montero Ogasun ministroak adierazi duenez, datorren urteko abendurako pandemia egoera gaindituta izatea espero dutelako ezarri dute epe muga. Musuko kirurgikoez gain, eskularruen, mantalen edota termometroen BEZa ere murriztu dute. Nahitaez erabili behar direnez, musukoen gehienezko prezioak eta BEZaren ehunekoa jaisteko eskaera areagotu egin da azken hilabeteetan. Espainiako Gobernuak argudiatu du ez duela azkarrago karga jaitsi Europar Batasunak isuna jartzeko «arriskua» zegoelako.
Lau orduko iraupena
Hainbat farmaziatan ere eskaera hori nabaria izan da, pandemia egoeran premiazkoa bilakatu baita musukoa: «Batzuek aipatu dute, azkenean egunero aldatu behar dela eta gehitzen bazoaz dirua da», agertu du Beasaingo Jorge de la Cuesta farmaziako Janire Lasa farmazialariak.
Kirurgikoak gehienez lau bat orduz erabili daitezke eta, beraz, egunean gutxienez pare bat erabiliko ditu pertsona bakoitzak. Lasak azaldu du «pertsonaren araberakoa» izanik, zuhurtziaz jokatzen dutela herritarrek musukoen iraupenarekin: «Arrisku gehiago dutenek agian gehiago kontrolatzen dute eta zehatz-mehatz daramate musukoa jantzita duten denbora».
Erabilera egokia
Higienikoak, kirurgikoak, berrerabilgarriak, filtroekin… mota askotako musukoak azaldu dira merkatuan COVID-19aren hedapena ekiditeko egoeraren ondorioz. Kirurgikoak ez kutsatzeko direla eta FFP2-ak, berriz, ez kutsatzeko eta kutsatua ez izateko direla azaldu du Lasak.
Toki itxietan babes handiagoko musukoak erabiltzea gomendatzen dute, eta osasun zentroetan ez dituzte telazkoak onartzen. Dena den, erabilera egokia egitearen garrantzia azpimarratu du farmazialariak: «Musukoa denok erabiltzen badugu ondo, batzuek ez dute zertan besteak baino arriskutsuagoak izan».