Errigorako uzta, inoizko oparoena
Errigora egitasmoaren antolatzaileek esker ona agertu dute, baldintzarik okerrenetan izandako elkartasunagatik. Goierrin bertan, bi mila saski inguru eskatu dituzte aurten. Banaketarekin hasiko dira orain.
Bukatu da Errigorako saskiak eskatzeko epea, eta dagoeneko hasiak dira banaketa lanak. 2020ko Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpaina oparoa izan da oso, are gehiago, aurten izan diren zailtasunak kontuan hartuta. Guztira 16.000 eskaritik gora jaso dituzte, eta horri esker, 302.000 euro bideratu ahal izango dituzte euskalgintzako proiektuetarako.
Kanpaina sustatzen duten Errigora egitasmoko ordezkariak, AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartekoak Iruñean agertu dira gaur, udazkeneko kanpaina honek eman duena aztertzeko. Zortzigarren ekitaldia izan dute aurtengoa, eta “elkarlan eta auzolan handi honek emandako fruituak” azpimarratu dituzte. Izan ere, Nafarroa Hegoaldean euskara bultzatzeko proiektuz gain, aurten bertan behera gelditu diren Nafarroa Oinez, Herri Urrats eta atzeratu behar izan duten Korrika bezalako egitasmoak laguntzeko aukera ere izan da aurten.
Pandemiak eraginda bizi dugun egoeraren aurrean, Errigoraren sarekideek, ekoizleek nahiz erosle diren herritarrek erakutsi duten “euskararen aldeko konpromisoa” azpimarratu dute. “Ingurukoekin harremantzeko aukerak mugatuta, inoizko baldintza okerrenak izan ditugu auzolanerako. Baina aurtengo kanpaina berezia izan da, batez ere, sasi guztien gainetik elkartasuna nagusitu delako”.
Denen artean lortutakoa “txalotzekoa” bada ere, ez dute ahaztu nahi izan, egoera dela medio, “euskararen bizigai diren hamaika ekimen bertan behera” gelditu direla. Horregatik, aurrera egin dutenei ere, babesa eta elkartasuna emateko deia egin dute, Durangoko Azoka edo Xiberoako Ikastolen aldeko Ikaskoli kanpaina jarri dituzte adibide moduan. Baita bihar bertan hasiko den Euskaraldia egitasmoa ere: “baldintzak aurreko urtekoak baino okerragoak izanagatik, egin dezagun euskaraz inoiz baino gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan”.
Goierrin bi mila saski inguru
Errigora kanpainak izan duen harrera onaren adibide da Goierriko datua. Herriz herri, 965 saski eskatu dira aurten, eta kopuru horri, hainbat enpresak eta lantegik, urte bukaerako sari moduan banatuko dituzten beste mila saski gehitu behar zaizkio.
Altzaga | 4 | |
Arama | 5 | |
Ataun | 18 | |
Beasain | 129 | |
Ezkio-Itsaso | 21 | |
Gabiria | 71 | |
Idiazabal | 69 | |
Itsasondo | 21 | |
Lazkao | 117 | |
Legazpi | 103 | |
Legorreta | 10 | |
Mutiloa | 4 | |
Olaberria | 20 | |
Ordizia | 100 | |
Ormaiztegi | 0 | |
Segura | 102 | |
Urretxu | 18 | |
Zaldibia | 61 | |
Zegama | 13 | |
Zerain | 2 | |
Zumarraga | 77 |