Ikasle gazte eta helduak, Euskaraldiarekin bat
Lipdub bat grabatu dute Beasaingo HHI zentroko ikasleek, Euskaraldiari babesa emanez. Ikastolako gaztetxoek ere dantzan eta kantuz egin diote ongietorria.
Bihar hasiko da Euskaraldia, eta herriz herri, hasiak dira giroa berotzen. Beasainen mugimendu handia sortu da, eta milatik gora Arigune edo Aittugune izango dituzte datozen hamabost egunetan. Horietako bik, Euskaraldia girotzeko bideo bana zabaldu dute. Helduen Heziketa Iraunkorreko (HHI) zentroak esaterako, Lipdub koloretsua grabatu du, festa giroan Euskaraldiarekin bat eginez. Andramendi ikastolako ikasleek ere, dantza eta kantu artean egin diote harrera Euskaraldiari:
Mariren etorrera
COVID-19a dela eta, Marik ezin izan zuen Beasaingo jaietan plazara etorri. Baina Euskaraldiarekin bat egin du, eta bihar eguerdian etorriko da, “Euskaraldia beasaindar guztien artean zabaltzera”. 12:00etan egingo du agerraldia, Damazulotik Beasaingo herrigunera etorrita. Udaletxe aurreko Zubimuzu plazan, euskararen punttudun bandera jarriko du, eta alkateak herriko aginte makile emango dio, datozen 15 egunetan, beasaindarren artean euskara zabal dezan. Jende pilaketak debekatuta daudenez, ekitaldia ikustera ez etortzeko deia egin dute antolatzaileek, bideo baten bidez zabalduko baitute beraiek.
Beasainen 1.182 arigune edo aittugune sortu dituzte, 2.000 ahobizi eta belarriprest, 100 familia eta 40 kuadrilla inguruk eman dute izena, baita beste 200 gizarte eta lan erakundek ere.