Isilik, margoak entzuten dira
Asmube elkarteak antolatutako 'El silencio' Isiltasuna erakusketa zabalduko dute gaur, 18:00etan, Igartzako burdinolan. Azaroaren 29ra arte egongo da ikusgai
Asmube Beasaingo emakumeen elkarteak antolatutako El silencio Isiltasuna margo erakusketa zabalduko dute gaur, 18:00etan. Hamaika egunez egongo da bisitagai, azaroaren 29ra arte, Igartzako burdinolan: aste barruan 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Fathia Hajji Babaren 20 bat lan egongo dira ikusgai. Margolariak emakumeek pairatzen duten sufrimendua islatu eta salatu du pintzelekin. «Sentimenduekin margotzen dut. Artearen bidez errebindikazioak egin nahi ditut, baina ez dut mendekurik nahi», dio. Bera ere emakumea denez, egoera ondotxo ezagutzen duela aipatu du eta sufrimendua hurbilekoa sentitzen duela. «Pintura artea da eta adierazteko bidea, gure izatearen barren-barrenean kezka sortzen diguten eguneroko egoerak isilean adierazteko bidea».
Hajjik emakumeek sufritzen duten indarkeria mota ezberdinak jaso ditu. Fisikoaz gain, bazterkeria, pobrezia, bakardadea, pertsonen edo erakundeen isiltasun konplizea… Baita ere arrazakeria. Emakumea eta etorkina dela dio, eta bi bider markatzen dutelako horregatik. Sufritzen dutenen mina arindu nahi du gaur irekitako erakusketarekin.
Motorrak berotzen
Erakusketa azaroaren 25aren bueltan antolatutako ekintzetako bat da, baina ez bakarra. Emakumeen aurkako indarkeriaren egunaren harira Goierrin askotariko ekintzak antolatu dira: bihar, Legazpiko gaztetxean 19:00etan, Indarkeria matxistari aurre egiteko antolakuntzaren beharra hitzaldia izango da Itaia emakumen antolakunde sozialistaren eskutik. Etzi Beasaingo udal aretoan entzuteko aukera egongo da, 11:00etan.
Asteazkenean bertan, egun osoan zehar sakabanatuta, mobilizazioak egongo dira Goierriko herri nagusienetan.