Jakirik gabe ere saldu dezakete kafea ostalariek
Azaroaren 7an Eusko Jaurlaritzak ezarritako dekretua dela eta, tabernak eta jatetxeak itxita daude. Eramateko kafea eta alkoholik gabeko edariak saltzeko baimena izan dute ordutik, baina aldez aurretik eskatuta eta mokadua ere erosita soilik. Hau da, janari eskaera baten parte baldin bazen. Eusko Jaurlaritzak atzera egin du eta dekretua eguneratu du. Horrela, ostalariek mokadurik saldu gabe ere kafea edo alkoholik gabeko edaria saldu dezaketela ezarri du. Alkoholdun edariek, aldiz, orain arteko baldintza berak izango dituzte: janari eskaera baten parte izan beharko dute eta aldez aurretik egin beharko da eskaria, ondoren bertan jasotzeko.
Manifestazioa Ordizian
Egoera horretan, lan egiteko aukerarik gabe eta diru sarrerarik gabe, Goierriko hainbat ostalarik manifestazioak egin dituzte egunotan erakundeen inplikazioa eta laguntza zuzenak eskatze aldera. Ordiziako ostalariek igandean egin zuten elkarretaratzea herriko plazan, eta atzo manifestazioa egin zuten Ordiziako alde zaharretik. Egoera jasangaitza bizi dutela salatu dute eta Administrazio Publikoari «berehalako» laguntzak eskatu dizkiete.
Gehitu dute negozio bakoitzaren atzean pertsona asko daudela eta lehenbailehen irtenbideak behar dituztela. Laguntzarik gabe, hainbat ostalaritza establezimenduk itxi egin beharko dutela adierazi dute.