«Kulturaren falta sentitzen dugu, behar dugula uste dut»
Legazpiko musikariek ez dute Santa Zezilia herrikideekin batera ospatuko, publiko aldetik urteko kontzertu handiena dena ez baita egingo. Goiz Deia taldeko Iker Azpeitiak azaldu duenez, txistulariak aurten kalejirarekin konformatuko dira.
Txistulariek irekitzen duzue Santa Zeziliako kontzertua.
Bai, lau taldek parte hartzen dugu, Goiz Deia txistulari bandakook, Santitzu Abesbatzak, Alaitasuna Errondailak eta Legazpi Musika Bandak, eta bakoitzak bere emanalditxoa egiten du. Guk hasten dugu normalean kontzertua, eta gurekin batera jotzera edo abestera beste talde batzuk gonbidatzen ditugu, Doinua musika eskolako abesbatza txikikoak adibidez.
Azken urteetan zuk zuzendu duzu txistularien saioa.
Hala egokitu da, baina txandaka egiten dugu taldean zuzendari lana.
Aurten ez da egingo, baina zer da zuentzat Santa Zeziliako kontzertua?
Txistulariontzako, lehen igandero eta orain hileko azken igandeetan egiten ditugun kalejiretatik eta Santikutz eguneko edo Gabonetako emanaldi berezietatik irteteko aukera bat da, bai errepertoriaren aldetik, bai beste musikari batzuekin jotzeko aukeraren aldetik.
Urteko kontzerturik jendetsuena da.
Bai, publiko gehien izaten duen emanaldia da. Urteko ekitaldirik handiena da Legazpin, 100-bat musikarik hartzen dugu parte. Lehen Latxartegin egiten zen, baina hura txiki geratu zen eta parrokian egiten hasi ginen. Hori ere lepo beteta egoten da orain. Guretako ere urteko emanaldi garrantzitsuena da, hortxe ditugu entzule gehien eta horrek prestakuntza handiagoa eskatzen digu, bai teknikoki eta baita jotzen ditugun pieza zailagoak direlako ere.
Aurten gertatu dena gertatu izan ez balitz, azken entseguekin egongo zineten garai hauetan.
Aurtengo Santa Zezilia kontzertua etzi izango litzateke, azaroaren 21ean, eta bai, oraintxe azken entseguekin egongo ginateke. Txistulariok uda aurretik hasten gara abestiak aukeratzen, eta irailean, Agorreko Santikutzak pasa eta gero hasten ditugu entseguak, ez bakarrik gure artekoak, baita gurekin jotzen duten beste musikariekin egiten ditugunak ere. Eta kontzertuaren bezperan musikari denak elkartzen gara elizan, sonoritatea eta lantzeko. Azken urteetan dantzariek ere parte hartu dute, eta horiek ere etortzen dira azken entsegu handi horretara.
Baina Santa Zezilia kontzertuarekin bakarrik ez duzue ospatzen.
Ez, gero talde bakoitzak bere afaria egiten du, kontzerturako eta urte osoan egindako lanaren saria da. Aurten, ez kontzerturik ez afaririk ez dugu egingo.
Eta nola ospatu behar duzue?
Kontzertu handia ez zela egingo aspalditik genekien, baina Goiz Deiakook bagenuen beste kontzertu bat programatuta larunbat honetarako, Kittu taldearekin. Emanaldi horren hasieran jo behar genuen guk, baita amaieran ere, baina azken aldian ezarritako murrizketekin ezingo dugu, Kittuk joko du bakarrik eta euskal abestien errepertorioa eskainiko dute. Hurrengo egunean, Santa Zezilia egunean bertan kalejira egingo dugu, biribilketa, zortzikoa… joko dugu, betikoa.
Koronabirusak beste emanaldi batzuk ere kendu dizkizue.
Hilabete guzti hauetan gora behera asko egon dira. Hasieran ezin zen ezer egin, gero elkartu eta entsegatzen utzi ziguten, gero ez… Eta ekintza batzuk ere bertan behera geratu dira, egia da. Santikutz eguneko ezpata-dantza izan da bat, kalejiraren bat edo beste ere ezin izan dugu egin, Agorreko Santikutzetan ere ez dugu jo… Guztioi bezala, egoera honek guri ere kalte egin digu, nahiz eta azkenaldian bagabiltzan kalejirekin. Hala ere, konfinamendu garaian jotzeko aukera izan genuen, festak izan behar ziren egunetan kamioi baten gainera igo eta herrian zehar ibili ginen Legazpinsortzecovidea ekimenari esker.
Musikan eta orokorrean kulturan kalte handia egin al du COVID-ak?
Bai, eta ez bakarrik txistularioi edo musikarioi orokorrean. Kulturaren atzean jende eta profesional askok egiten du lan, teknikariak eta hor daude. Baina guretako musika zaletasun bat da, eta azkenean ez digu hainbeste eragiten, gustatzen zaigun hori egin ahal ez izatea bakarrik. Baina profesionalena beste kontu bat da.
Egoerak emango al du buelta?
Nik uste dut kulturaren falta sentitzen dugula, behar dugu. Guk larunbatean emango dugun kontzertura, adibidez, jendea joango da. Gutxinaka hasi dira kontzertuak eta ematen, muga handiekin egia da, baina hasi dira gauzak egiten, eta ez bakarrik musika munduan. Kultura pixkanaka mugitzen hasita dago, zorionez.
Aurtengoa badoa, baina nola ikusten duzu hurrengo urtea?
Ea urteko programazio osoa betetzerik dugun. Seinale ona izango litzateke hori!