Ordiziarrock jaialdia asteburuan egingo dute, sarrerak agortzear direla
Viva Belgrado, Joseba Irazoki eta lagunak, Kokein, Zea Mays eta DJ Monky izango dira. Streaming bidez jarraitu ahalko da jaialdia. Herriko ostalariei laguntzeko ekimena bultzatu du antolakuntzak
Ordiziarrock jaialdiak aurrera darrai eta sarrerak agortzear daude. Asteburuan beraz, azaroaren 21ean eta 22an, goren mailako musikaz eta ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Jakintza ikastolaren patioan joko dute Viva Belgradok, Joseba Irazoki eta lagunek, eta DJ Monkyk, larunbatean, eta Zea Mays-ek, Kokein-ek, eta DJ Monkeyk, igandean. «Uste genuena baino gehiago kostatu da aurten, baina atzera kontaketa hasi da, Ordizian ikusiko gara larunbatean eta igandean». Azken sarrerak, www.ordiziarrock.com webgunean eros daitezke. Jaialdira gerturatu ezin dutenek, etxetik jarraitu ahalko dute. Streaming bidezko emisioa egingo dute Ordiziarrockek webgunean.
Arrazoi desberdinengatik, 2020 urterako antolatuta zituzten ekitaldi asko bertan behera utzi behar izan ditu Ordiziarrock taldeak. Bazirudien Ordiziarrock jaialdiarekin ere gerta zitekeela, baina aurrera jarraitu dute: «Data aldatu dugu, azken momentura arte jaialdia nola egin egokitzeko lan egin dugu, kanpotik datozen taldeentzat baimenak lortu, … inoizko erronka handiena izan da, baina gustuko ere baditugu erronkak, eta gainera orain, sekula baino gehiago, kulturak bultzada behar du!».
Ezohiko egoerara moldatutako jaialdiarekin datoz, zentzu guztietan. Azken albistea baita streaming bidez kontzertuak jarraitu ahalko direla Ordiziarrock webgunean sartuta. Etxetik jarraituko denentzat gainera, tokiko tabernetan eskaerak egiteko gonbita egin diete musikazale guztiei: «Ostalariek gu guztion laguntza behar dute, beraz, animatu nahi ditugu Ordiziarrock etxetik ikusiko duten haiek, gure tabernetan zerbait eskatu eta gozatu dezatela ikuskizunaz»
Gorreria dutenentzat prest
Kultur arloan lan egiten dutenak eta ostalaritzaren sektorea bakarrik ez, behar bereziak dituzten pertsonak ere oso kontutan izan dituzte Ordiziarrocken, beste behin ere. «Entzumen arazoak dituzten pertsonentzat gune bat egokitzeko beharrezko guztia dugu, beraz, gorreria dutenak antolakuntzarekin harremanetan jartzea eskatzen dugu».