U.E. Santboiana hartuko du etxean Ampo Ordiziak, igandean
Zaletuek ezingo dute Altamira zelaian bertan ikusi partida baina streaming bidez jarraitzeko aukera zabalduko du Ordizia Rugbik. Larunbatean, 23 urtez azpiko ligan neurtuko dira Moyua eta Independiente Santander
Goren mailako errugbi partida jokatuko da igandean, 12:00etatik aurrera, Ordiziako Altamira zelaian. Ampo Ordiziak estatuko errugbiko aintzindaria den U.E Santboiana aurrez aurre izango du Ohorezko Mailako hirugarren jardunaldian. Partida ateak itxita jokatuko da COVID-agatik, baina streaming bidez jarraitu ahalko da, Ordizia Rugbyk zabalduko duen estekaren bidez.
Ligako talde indartsuenetakoa da Kataluniako taldea, sortu zenetik hamaika kopa eta sari lortu ditu. Gaur-gaurkoz, goierritarrak eta katalanak, parekatuta daude sailkapenean, garaipen eta porrot banarekin, nahiz eta Ordiziarrek puntu bat gehiago izan, Santanderreko Independientearen aurkako garaipenean lortutako bonusari esker.
Santboitarrak txapelketako errugbi talderik eraginkorrenetako bat osatzen dute zalantzarik gabe. Jokalari gehienak harrobikoak izanik, elkarrekin jolasten ohituta daude aspaldidanik, eta ondorioz baloia lapurtzen dutenean edo aurkariak akatsen bat egiten duenean ez dute maiz barkatzen. Garaipena lortzekotan, Iñigo Marotiasek zuzentzen duen taldeak akatsak ekidin eta zigor kolpeak ahalik eta gutxien eman beharko ditu. Baldiri Aleukoak touch-maul binomioa ezin hobeto burutzen dutenez, defentsa zereginetan arreta eta tentu handiz aritu beharko dira kontzentrazioa galtzeke.
Bi taldeak sentipen kontrajarriekin zelairatuko dira igandean; ordiziarrek Burgosen jasandako porrot mingarria lehenbailehen ahaztu nahian, eta kataluniarrek, aldiz, El Salvadorren aurka azken jokaldian lortutako garaipen handia gogoan dutelarik.
Filosofia bera duten bi talde neurtuko dira Altamiran, harrobi oparoetan oinarritutakoak biak, atzerriko fitxaketen bidez gabeziak bikain estaltzen dakitenak. Kataluniako taldean etxeko Nil Baro eta Albert Millan nabarmendu daitezke, eta kanpotik etorritakoen artean, Ignacio Contardi edo zortzi zenbaki ahalguztiduna den Afa Taulli, Ohorezko Mailan egun jokatzen dutenen artean entsegu gehien lortu dituen jokalaria.
Goierritarrak gogotsu daude, are eta gehiago, Goia anaiak bueltan baitaude Leoiaren XVarekin Uruguaitik biran parte hartu ondoren. Horri gehitu behar zaio, azken bi fitxaketak, Calylib Oosthuizen pilierra eta bigarren lerroan arituko den Keegan Munroren debuta ikusteko aukera izango dela.
Moyua-Independiente, 23 urtez azpikoetan
Ez da asteburu honetan Altamirako zelaian jokatuko den partida bakarra, Moyua Goierrik 23 urtez azpikoek bere ligako txapelketari hasiera emango baidiote larunbatean, 16:00etan, Santanderreko Independientearen aurka. Ordiziarrak aipatutako ligako B multzoan kokatu dira, eta lehen fasean kantabriarrez gain, U.E Santboiana, Getxo Etorkizuna, Les Abelles eta Barça Rugby izango dituzte aurrez aurre.
Aurreko denboraldian lortutako bostgarren postua hobetzeko asmotan, sailkapenean jauzi kualitatiboa egin nahi dute ordiziarrek, eta zergatik ez, ligako titulua irabazteko borrokan erabat murgildu. Aurreko astean Pepe Rojo zelaian Pucelako El Salvadorren aurka lortutako garaipen izugarria gogoan dutelarik, erakutsitako mailari eusten saiatuko dira.
Ohorezko Mailako partida bezala, honakoa ere streaming bidez jarraitu ahalko da.