Euskaraldia, lau haizeetara
Herriko aginte makila Marik hartu du eta ttanttodun banderek Zubimusu plazako eta tren geltoki pareko Ikurriñak ordezkatu dituzte. Euskarak aginduko du Beasainen datozen egunetan
Euskaraldia hasi da eta euskarak hartu du Beasaingo aginte makila. Marik euskaraldiko ttanttodun bandera jaitsi du Murumenditik eta Aitor Aldasoro alkateari eman dio. Honek, trukean, aginte makila entregatu dio. Hala, euskaraldiak dirauen bitartean Beasainen euskarak aginduko duela irudikatu dute.
Ttanttodun banderak gora jaso dituzte Zubimusu plazako eta geltoki pareko mastetan. Zubimusu plazako ekitaldian Aittu euskara taldeko kideak, udal ordezkariak eta aittugune bilakatu diren entitate batzuetako kideak izan dira. Baita ere hainbat herritar.
2.000 ahobizi eta belarriprest baino gehiago izango dira Beasainen, horietatik asko gazteak eta aurreko edizioan parte hartu ez zutenak. Gainera, 194 entitatek eman dute izena eta euskaraz aritzeko 1.182 arigune edo aittugune sortu dituzte. 2.685 beasaindar biltzen dituzte gune horiek. Era berean, Beasaingo 100 familia eta 44 gaztetxo eta gazte kuadrilla aittugune izango direla azpimarragarria da. Asteartera arte dago izena emateko aukera.
Rola identifikatzeko txaparik jaso ez duenak honako puntu hauetan egin dezake: Loinaz janaridendan (Igartza Oleta); Eroski Cityn (Nafarroa Etorbidea); Ogiberri okindegian (Nafarroa Etorbidea); Gariona okindegian (Kale Nagusia); Pagosa okindegian (Kale Nagusia); Olaran okindegian (Jose Migel Iturriotz).