Ormaiztegin ez dute ziklo-kros probarik egingo
Aurten 50. edizioa betetzekoa zen Ormaiztegiko lasterketa beteranoa, baina COVID-19ak eta azken neurriek eragindako egoera dela medio, bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak.
Ormaiztegiko ziklo-kros proba bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak. Urtarrilean 50. edizioa bete behar zuen lasterketak, eta nazioarteko mailako proba antolatu nahi zuten. Egoerak behartuta, ordea, azkenean bertan behera uztea erabaki dute.
Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak (OTL) elkarteak azaldu duenez, C2 nazioarteko mailako proba egitea pentsatuta zuten, 50. urtemuga ospatzeko, eta UCIren baimena ere lortua zuten horretarako. Hala ere, “zoritxarreko COVID-19aren eta konfinamendu luze baten ondoren, kategori horretan egitea ez zela posible” erabaki zuten, batez ere, “pandemiak utzitako egoera ekonomiko eskasagatik”.
Bigarren aukera herrialde mailako lasterketa antolatzea zen. Euskal Federazioak ezarritako protokoloaren arabera, posible zatekeen, beti ere “araudi zorrotz bat” betez gero. Neurri horien artean, zirkuitua herrigunetik ateratzea eskatzen zuten, baita publikoa 600 lagunera mugatzea, helmugan publikorik ez izatea eta sari banaketa leku itxian egitea ere.
Eusko Jaurlaritzak azaroaren 6an hartutako neurrien ondorioz, ordea, jubenil eta master mailako probarik ezingo lukete antolatu, soilik elite eta 23 urtez azpikoena, eta gainera, publikorik gabe. Hori ikusita, OTL elkartearen zuzendaritzak azkenean proba ez antolatzea erabaki du, eta “datorren urtean 50. urteurrena ospatzea”, posible den heinean.