Beasainen eta Ordizian 'Bidea gara, bidean gaude' ekimena egiten ari dira
Hiru milioi pasatxoko bidea osatzea da helburua, agintariei presoen egoera konpontzeko eskatzeko. Arratsaldean ere har daiteke parte
Bidean gara, bidean gaude manifestazioa egin dute Beasainen presoen auziaren konponbidearen eta elkarbizitzaren norabidean. “Presoak, behingoz, etxera ekartzeko egiten ari gara protesta”, dio manifestazioan doan gizon batek. “Agintariek dute arazoa konpontzeko giltza eta beraiei interpelatzen diegu”.
Izan bidea. Ibiltarien sarea lelopean ehun bat lagunek herrigunea gurutzatu dute euskal presoen etxeratzea eskatzen duten afixak eskuan. Tartean, EH Bilduko ordezkaritza egon da: Eraitz Saez de Egilaz legebiltzarkidea eta udaletxeko zinegotziak izan dira. Bi ilaratan banatuta joan dira, elkarren arteko segurtasun distantziak mantentzeko. Maskara ere derrigorrezkoa izan da. “Egoera halakoxea da eta ez dago besterik. Baina hemen egon behar da, egoera bidegabe honek konponbidea behar du eta”, dio gizonak. Zubimusu plazatik abiatu eta Nafarroa etorbidea gurutzatuta, Igartzako zubiraino joan dira. Bertan taldeko argazkia atera dute eta, atzera, Zubimusu plazara itzuli dira.
Ordizian ere batu dira ekimenera. Kasu honetan Plaza Nagusian hasi eta bukatzen den ibilbide bat antolatu dute eta bakoitzak nahi duenean egiten du. Gainerako herrietan ere parte hartu daiteke, Izan bidearen app-aren bidez. Helburua hiru kilometro pasatxoko sarea osatzea da, kartzeletatik etxerainoko distantzia irudikatzeko.