"Sahara hurra" eskatu dute Goierrin
Goierriko hainbat herritan elkarretaratzeak egin dituzte Saharar herriari batasuna adierazteko. Erreferenduma egiteko eskatu dute
“Sahara hurra. Gora Sahara askatuta” oihukatuta amaitu dute Sahararen aldeko elkarretaratzeetan. Jende ugari batu da Ataunen, Beasainen, Legazpin edota Seguran egindako elkarretaratzeetan, adin eta jatorri ezberdinetakoak. Erreferenduma eskatu dute. “Guda hau hitz bakarrarekin gelditzen da: erreferenduma”, dio Sahara Euskadi mugimenduak. Herritarren babesa ere eskertu du mugimenduak, eta presio egiten jarraitzeko denon beharra dagoela azpimarratu dute.
Presioa agintariei, bai Euskal Herrikoei eta bai espainiar estatu mailakoei. “Espainiako gobernuari, Mendebaldeko Sahararen potentzia administratzaile gisa, 1975ean egiteke utzi zuen deskolonizazio-prozesuari berriro ekiteko eskatzen diogu. Baita ere duela 29 urte egin behar zuen erreferenduma bultzatu dezan”.
Gerra duela hamar egun piztu zen, aurretik ere egoera baketsua ez zen arren.”Zirt edo zart egiteko heldu zen Saharar herriarentzat eta gerrara joatea erabaki genuen. Luze joko du, hau hasi besterik ez baita egin”, esan du Garazi Hach Embarek sahararrak eta euskaldunak. “Hobe litzateke era baketsuan gure askatasuna, baina ez digute beste aukerarik utzi”, gaineratu du. “Urteak daramatzagu konponbidearen zain. Orain guk hartu dugu iniziatiba”. Atzera joateko inolako asmorik ez dutela aipatu du, “benetan” konpondu nahi dutelako arazoa.
Marokoko Erresumak darabilen indarkeria ere salatu dute. Haurrak ere jazartzen dituztela salatu dute eta ekintzaileen aurkako ofentsiba areagotu egin dela.