Tabernarik gabe ez dagoela herririk esan dute ostalariek
Ostalaritza ekonomiaren beste adar bat dela gogorarazi diete agintariei eta laguntzak esakatu dituzte, "ez limosnak"
Tabernek eta jatetxeek hirugarren asteburua izan dute itxita, eta hirugarren asteburua kalera atera direla. Egoera geroz eta larriagoa dela esan dute eta, hortaz, laguntza geroz eta beharrezkoagoak direla. Halabaina, laguntza horiek txikiegiak dira euren esanetan eta ez direla ari iristen.
Beasainen atzo egin zuten elkarretaratzea. Legazpin, berriz, gaur. Urretxu eta Zumarragako ostalariak ere batu dira bertako protestara. Tabernariek txaleko horiak eraman dituzte gainerako herritarrengandik bereizteko, zenbat jendek lan egiten duen azpimarratzeko. Bi protestetan herritar ugari hurbildu da babesa eskaintzera, eta tabernariek eskertu egin dute. Era berean, berriz ere ateak irekitzen dituztenean arduraz jokatzeko eskatu diote bezeroei, berriz ere itxi beharrik ez izateko.
Banatzaileei eta zeharkako langileei ere babesa adierazi diete, lan egitea galarazita ez duten arren, une zailak bizi dituztelako. Banatzaileek zabaldu eta itxi dute Legazpiko manifestazioa, karabanan. Dendentzako ere animozko hitzak izan dituzte.