Aritz Egeak 22.571 euro lortu ditu 'Eguzkiak iraun bitartean' erronkarekin
Azaroaren 14an Ezkiotik irten eta Izazpi mendirako ibilbidea 7 aldiz egin zuen mendi korrikalariak. Eskuratutako dirua haur minbiziaren eta esklerosi anizkoitzaren ikerketara bideratuko dute.
Guztira 22.571 euro lortu ditu Aritz Egea mendi korrikalari urretxuarrak azaroaren 14an egindako ‘Eguzkiak iraun bitartean’ elkartasun erronkaren bidez. Irabazi guztiak SuperH eta BailaConEM elkarteentzat izango dira.
Bere bizitzako “lasterketarik garrantzisuena” izan dela adierazi du korrikalariak: “Beste norbaitengatik korrika egin dudan lehen aldia izan da, eta horrek kilometroak gehitzeko indarra eman dit”. Eguzkia irtetetik ezkutatu arte Ezkiotik Izazpi mendira korrika aritzea zen erronka, 12,59 kilometroko ibilbidean eta 750 metroko desnibel positiboarekin. Egeak zazpi aldiz burutu zuen ibilbide hori: 83 kilometro eta 5.600 metro desnibel positibo guztira.
Ikerketarako dirua
SuperH gaitz larria edo onkologikoa duten haurrentzako eta ikerkuntzarako laguntza elkartea da, eta BailaConEM, berriz, esklerosi anizkoitzaren ikerketararako laguntza elkartea. Elkarte horiek bultzatzen dituzten ikerketa programetarako izango da dirua.