«Armak dira irtenbide bakarra»
Oporrak Bakean programarekin etorri zen Goierrira lehen aldiz Sidi Brahim 7 urterekin, eta bertan geratu zen bizitzen. Sahararrek bizi duten egoera jakinaraztea da bere nahia.
Azken egunotan Sahararen aldeko elkarretaratzeak deitu dituzue. Zein helbururekin?
Gizarteari jakinarazteko zein den herri sahararraren gogoa, eta zeintzuk diren gure eskakizunak. Gure lurra berreskuratu eta askatu nahi dugu.
Egoera hau aspalditik dator.
Bai, badira 45 urte Espainiak Sahara utzi zuenetik, eta sahararrak banatu zirenetik. Lur askeetan, Argeleko errefuxiatuen kanpalekuetan eta Marokok okupa- tutako gunean daude sakabanatuta ordutik. Kanpalekuetan laguntza humanitarioa murrizten doa urtetik urtera eta oinarrizko giza eskubideak bermatzeko modurik ez dago han. Herri okupatuetan egunero dago errepresioa, atxilotuak…
Gu nazkatuta gaude, egoera hori aldatu nahi dugu, 45 urte hauetan beti gu izan garelako galtzaile Marokoren aurrean. Nazioarte mailan ere bazterrean utzi gaituzte. Ezin dugu gehiago.
Eta guztia lehertu egin da.
Urriaren 21ean errefuxiatu batzuk Mauritaniarekin muga egiten duen Guerguerat gunea hartu zuten. Lurralde okupatuetako baliabide naturalak espoliatzeko eta Afrikako hegoaldera eta Europa iparraldera bidaltzeko Marokok irekitako pasabidea da. Sahararrek blokeatu egin zuten, eta handik ez zen igarotzen ez tomaterik, ez olagarrorik ez fosfatorik… Baina Marokoko gobernuak fluxu komertziala berreskuratu nahi zuen, eta indarra erabiliz bidali egin zituen sahararrak. Horren aurrean, gure gobernuak erabaki zuen Marokorekin aurrez sinatuta zuen su etena bukatutzat ematea, aurreko egoera agortuta dagoelako, eta status quo egoera desblokeatu egin behar delako.
Erreferendumaren aldarrikapenarekin jarraitzen duzue.
Horixe da gure eskaria, erreferenduma gauzatzea behingoz, eta herriak erabakitzea estatu bat osatu behar den ala ez, lurralde okupatuetan eta errefuxiatuen kanpalekuetan dauden gure familiak elkartzeko.
Erreferendumak zein helburu izango luke?
Sahararrok nahi duguna da gure herrialde independentea sortu, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa hain zuzen, Mendebaldeko Saharan, gure betiko lurretan eta Marokotik kanpo.
Baina hori ez da iristen, eta horregatik hartu dituzue armak.
Ez digute utzi beste biderik! Agortu ditugu bide diplomatiko eta politiko guztiak, eta armak dira irtenbide bakarra.
Zerbaiterako balio al izan du orain artekoak?
Maroko ari da lanean egia desmuntatzeko, eta besteak beste gizaki eta droga salerosketa edo terrorismoa egotzi dizkigu. Baina gure gobernua, Fronte Polisarioa, nazioarte mailan aitortza duen erakunde bat da, herri saharrarraren ordezkaria, eta aktore garrantzitsua da yihadismoaren eta drogaren aurkako borrokan Afrikako iparraldean. Egia helarazi behar diogu gizarteari.
Une honetan nola dago egoera?
Han borrokarekin jarraitzen dute, frontean daude. Lur okupatuak eta lur askeak bereizteko Marokok sortu zuen hesia, 2.750 kilometrokoa eta pertsonen aurkako milioika minez inguratutakoa, suntsitzen saiatzen ari dira, gure armada lurralde okupatuetara igaro ahal izateko. Hesia suntsitzea da helburua. Marokoar baseetara doazen ur bideak, trintxerak, irrati eta radar postuak ere erasotzen dituzte.
Zuk hemendik bizi duzu hori.
Bai. Ni 1994an jaio nintzen, kanpaleku batean, baina 7 urterekin Oporrak Bakean programan sartu eta Goierrira etorri nintzen. Bi hilabete egin nituen udan, eta hurrengo urtean itzuli nintzen, denboraldi luze baterako, osasun arazo batzuk konpontze aldera. Hemengo familiak harreran hartu ninduen, eta hasieran Ordizian bizi nintzen, baina orain Legazpin nago.
Gogorra izango da familiarengandik urruti egotea.
Oso gogorra, baina hura zen guk nahi genuena. Ni nintzen familiako txikiena, hemen gelditzeko aukera izan zuen bakarra. Nire gogoa beti izan da hango familia ekonomikoki laguntzea, eta horregatik ikasi dut eta prestatu naiz. Iturgina naiz. Amorrua ematen zidan hemen egoteak eta gurasoak han, baina aldi berean, ondo daude eta pozik nago nahiz eta ni urruti egon.
Familia handia al zarete?
Oso handia. Guztira 16 anai-arreba, batzuk aitaren aldetik soilik, beste batzuk amaren aldetik. Lurralde okupatuetan bizi dira batzuk eta ez ditut ezagutzen. Baina hau ez da nire errealitatea bakarrik, saharar guztien errea- litatea baizik. Ia familia guztiak daude sakabanatuta, lurralde okupatuetan, diasporan, errefuxiatuen kanpalekuetan…
Nola daramazu han bizi dutena hemendik?
Amorruz, ezintasunez… Etengabe nago harremanetan hangoekin, gurasoekin batez ere. Errefuxiatuen guneetan ezjakintasuna da nagusi eta animoa oso baju dago, jendea nazkatuta dago, inork ez duela herri sahararra laguntzen diote… Ziurgabetasun handiarekin bizi dute dena.