Izagirre anaiek urtebeterako luzatu dute Astanarekin duten kontratua
Kazajstango taldeak beste urtebetez luzatu die kontratua Ormaiztegiko anaiei. Alex Aranburuk ere taldean jarraituko du datorren denboraldian.
Gorka eta Ion Izagirre anaiek beste urtebetez jarraituko dute Astana taldean. Hala jakinarazi du txirrindulari taldeak, Ormaiztegiko anaiekin duen kontratua beste urtebetez luzatu berritan. Anaia gazteena “oso gustura” agertu da, anaiarekin batera beste urtebetez jarraitu ahal izango duelako talde urdinean. “Gorabehera askoko urtea izan da, Tourra uztea zaila izan zen, baina Vueltako etapa bat irabaztea denboraldia bukatzeko modu ona” izan dela azaldu du.
Izagirre anaiak 2019an iritsi ziren Astana taldera, eta geroztik hainbat garaipen lortu dituzte bertan. Kazajstango taldea gustora dago haien lanarekin, eta gutxienez, beste urtebetez jarraituko dute. Orain atsedenaldian daude, baina gogotsu agertu dira biak 2021ean errepideko denboraldiari berriz ekiteko. Gorka ere “motibatuta” agertu da datorren urteari begira: “baditut helburu kolektibo eta pertsonal batzuk 2021erako, eta horiek bete ahal izatea espero dut”.
Ormaiztegiarrekin batera, Alex Aranburu ezkiotarrak ere Astanan jarraituko du, oraindik indarrean baitu kontratua.