Musikariek berotu zuten giroa
Ordiziarrock jaialdia asteburu honetan egin dute. Ohi baino beranduago eta segurtasun neurri bereziekin. Baina egin egin dute, eta antolatzaileek gustura hitz egin dute.
Ordiziarrock ez du pandemiak gelditu. Bi eguneko jaialdia antolatu dute asteburu honetan, ohi baino beranduago eta segurtasun neurri zorrotzekin: sartzerakoan tenperatura neurtu behar zen eta eskuak eta zapatetako zola garbitu behar zen; gainera, eserita entzun behar ziren kontzertuak, eta eserlekuak sakabanatuak zeuden distantziak mantentzeko. Halere, jaialdiaren izpirituari eutsi diotela diote antolatzaileek, eta gustura daude: «Protokoloak protokolo, ahalik eta kontzerturik normalenak eskaini genituen, eta hori zen helburua», azaldu du Urko Ruiz de Apodakak.
Musikariek eta teknikariek antolatzaileek egindako lana eskertu egin dute. Ruiz de Apodakak ere esker oneko hitzak izan ditu musikarientzat. «Dena eman zuten oholtza gainean».
Ruizek kultura egarria dagoela nabarmendu du. «Kontzertu bat eserita ikusi behar izatea apur bat tristeagoa da, baina ezer ez baino hobea da». Gozatu ederra hartu zuten Jakintza Ikastolako patiora gerturatutako entzuleek. Bat baino gehiago animatu zen eserlekutik mugitu gabe dantzatzera. Berotan sartzeko ere balio izan zien.
Urkok espero du datorren urterako neurri berezirik hartu behar ez izatea, baina egin behar badute dagoeneko prest daudela iragarri du. «Lan taldean ere oso gustura aritu gara. Ederki moldatu gara», azpimarratu du.
Argazkiak: Andrea Aranburu