Tabernarik eta jatetxerik gabe herririk ez dagoela azpimarratu dute ostalariek
Protesta jendetsuak egin dituzte hirugarren asteburuan jarraian. Laguntzak ez direla nahikoak diote eta gainera ez direla ari garaiz iristen. Itxiera abenduaren 10ra arte luzatu du Jaurlaritzak
Ostalariek laguntza zuzenak eskatzen jarraitzen dute. Hala, protestak egin dituzte asteburuan Goierriko hainbat txokotan. Esaterako, Beasainen elkartu ziren ostiralean; Legazpin manifestazioa egin zuten larunbatean; eta Lazkaon atzo elkarretaratzea egin zuten.
Itxita dauden bitartean egoera jasan ezina dela salatu zuten hiruretan, eta berehalako laguntza zuzenak eskatu zituzten. Kexu dira laguntzarik ez zaiela iristen eta aurreikusitako partidak ez direla nahikoak. «Laguntzak nahi ditugu, ez limosnak» oihukatu zuten Legazpiko manifestazioan.
Taberna eta jatetxe askoren jarraikortasuna kolokan dagoela ohartarazi zuten. Gainera, ostalaritzarik gabe herririk ez dagoela azpimarratu zuten. Elkartzeko tokiak izateaz gain, kaleei bizia ematen dietela eta asko bertatik bizi direla azpimarratu zuten. Legazpin ostalariek txaleko horiak jantzi zituzten kaltetuak zenbat diren ikustarazteko. «Gu ere ekonomia gara» aldarrikatu zuten.
Ostalariek banatzaileekin eta dendariekin elkartasunezko hitzak izan zituzten. Hauek ez dute lanean jarraitzeko debekurik, baina beraien egoera ere zaila dela aldarrikatu zuten eta arreta gehiago eskatu zioten administrazioari.
Herritarrentzako ere esker oneko hitzak izan zituzten. Jende asko pilatu da mobilizazioetan, beti ere, maskararekin eta segurtasun distantziak zainduta.
Abenduaren 10a, begiz jota
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko urriaren 26an hartutako neurriak eta azaroaren 6an aldatutakoak mantendu egingo ditu. Abenduaren 10era arte luzatu dituzte, «kontuan hartuta data hori baino lehen edozein berregokitze egitea egokia edo beharrezkoa ere izan daitekeela». Luzapena asteburuan sartu zen indarrean.