Antzizargo zoladura aldatzeko lanei astelehenean ekingo diote
Lanek iraun bitartean kantxa itxita egongo da. Hiru hilabete eta erdiko egikaritze epea izango dute eta 237.160 euroko aurrekontua
Antzizargo kantxaren kirol zoladura eta saski hornidurak zaharberrituko dituzte. Astelehenean hasiko dira lanak. Instalatuko diren berriak “ezaugarri berritzaileenak” dituztenak izango direla iragarri du udalak, “kirol taldeekin eta erabiltzaileekin elkarlanean landutako gaia izanik eta hauen eskaerei erantzunez”.
Zorua ez da aldatu Antzizar kiroldegia zabaldu zenetik. Hau da, 35 urte ditu. Udal gobernuaren lehentasunetako bat zen aldatzea eta aurrekontuetan aurreikusi bezala burutuko da.
Lanek iraun bitartean kantxa itxita egongo da publikoarentzat. Egikaritze epea hiru hilabete eta erdikoa da, eta zortzi urteko bermea izango dute. Soluciones Decorativas Ibaizabal S. L. konpainia arduratuko da, 237.160 eurorengatik.