Ardixarra etxea, berregokituta
Lehenengo solairuan egon da eduki guztia berregokitzapena egin arte. Etxeak dituen hiru solairuetan banatu dute informazioa eta eduki berria ere sortu dute bisitarientzat
Segurako turismo bulegoa eta interpretazio zentroa den Ardixarra etxeak aldaketa batzuk izan ditu azken hilabeteotan. Bisitak egiteko sarrera lekuz aldatu dute, edukia hiru solairuetan banatu dute orain arte lehenengo pisuan egon da eduki guztia eta eduki berria ere sortu dute.
Sarrerari dagokionez, ibilbide bakarra ezarri dute. Izan ere, orain arte arreta gunera sartu eta atzera egin behar zuten bisitariek erakusketara sartzeko. Aurrerantzean arreta mahaiaren albotik sartuko dira bisitariak eremura. Era berean, Marigorri pertsonaiak Ardixarrara ongietorria eta agurra emango du.
Pia Alkain Ardixarrako arduradunak azaldu du «informazioa arindu eta edukiak birmoldatu» dituztela. Lehenengo solairuan Seguraren jatorria eta Erdi Aroko historia azalduko dute sortu berri duten bideo baten bidez. Marigorri da protagonista eta historiaren errepasoa egiten du.
Bigarren solairuan, berriz, XVI. mendean elikagaietan eman ziren aldaketen berri emateko txokoa antolatu dute: «Elikagai berrien ondorioz izan ziren aldaketak hobeto ulertzeko». Pisu berean, gainera, garai bateko logelak ikus daitezke.
Azkeneko solairuan, hirugarren pisuan, alegia, Erdi Aroko hirigintzaren inguruko edukia jarri dute: harresiaren, hiriaren oinplanoaren edo gizartearen janzkera, bizimodu eta ohituren berri ematen dute. Gizarte berri baten sorreraren azalpen edukiak ere aurki daitezke bertan. Alkainek azaldutakoaren arabera, erosoagoak izango dira bisitak berregokitzapenaren ondorioz: «Horrela leku gehiago daukagu taldeekin ibiltzeko».
Neguko ordutegia
Pandemia egoera dela eta, bisitak gutxitu direla azaldu du. Ikastetxeetako ikasleen bisitak ere bertan behera geratu dira. Bisita gidatuetan parte hartzeko aldez aurre erreserba egin behar da Segurako Udalaren turismo bulegora idatzita. Ostiraletan 17:30etik 19:30era dago irekita, larunbatetan 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 19:30era, eta igandeetan 11:00etatik 14:30era. Abenduaren 20tik urtarrilaren 20ra itxita egongo da.