Aurrekontuak eztabaidatuko dituzte biharko plenoan
Udal gobernu taldearen proposamenak aurrera egingo du, 16 milioi pasatxokoa
2021. urterako aurrekontuek bihar jasoko dute lehen onespena, azaroko udalbatzan. Behin onartuta, alegazioak aurkezteko epea hasiko da. Alegazio guztiak ebaztean sartuko da indarrean aurrekontua. Urte hasierarako prest egotea da udalbatzaren aurreikuspena.
Udal gobernuaren proposamena irtengo da aurrera, EAJk gehiengoa baitu. 16,3 milioi euroko aurrekontua proposatu zuten, iazkoaren parekoa. Hiru ardatz nagusi ditu: osasun krisiaren ondorioz langabetuen kopuruaren igoera murrizteko formakuntza saioak kontratazioa finantzatuko dira; gizarte zerbitzuak eta laguntzak indartuko dira, “inor atzean utzi gabe, egoera ahulenean daudenengandik gertuago egonez”; eta, elkarte, eragile eta herritarren ekimenak berraktibatzeko babesa mantenduko da, “herri bizia eta dinamikoa inoiz baino gehiago beharrezkoa den honetan”.
Oposizioak, EH Bilduk eta PSE-EEk, proposamenak egin dituzte aurrekontuak “hobetzeko”. Abertzaleek proiektu urbanistikoak “bigarren plano batean” uzteko eskatu dute eta herritarren beharrei emateko lehentasuna. Sozialistek ere gizarte-laguntzetan sakondu behar dela defendatzen dute, baina bestelako beharrak alboratu gabe.
Diru kontuak
Udal taldeak udalak Kutxabankekin adostua duen mailegua aldez aurretik amortizatea proposatuko du. Halaber, laugarren eta hemezortzigarren Kreditu Gehigarrien Espedienteak aldatzea proposatuko dute.
Ostalariei zuzendutako diru laguntzen oinarriak ere adostuko dituzte. Neguan terrazak babesteko eta zerbitzua establezimendutik kanpo emateko egokitzapenak egiteko laguntzak, zehazki. Beasaingo Udal Loinatz Musika Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendu Araudia ere eztabaidatuko dute.
Argiteria publikoko instalazioen instalazioaz eta zaintzaz arduratzeko deialdi publikoa egiteko baldintza pleguak onartuko dituzte. EH Bilduk Sahararen aldeko mozioa ere aurkeztuko du.