Etxe berrirako herriaren ikur bila
Zaldibian udalerriaren irudi edo armarri berria aukeratuko dute herritarrek. Herriaren izenaz, oraingoaren esanahi okerra bideratu nahi du udalak. Iritziak emateko epea etzi arte da, eta bozketa loteslea abenduaren 14tik 20ra.
Udaletxe berria ez da urtero estreinatzen. Zaldibian datorren urtean behar du gertakari horrek, ondo bidean. Eta soineko berriak zapata parea ere berria eskatzen duen bezala, udal irudi korporatiboa berritzeko prozesua hasia du Zaldibiako Udalak. Udala identifikatuko duen irudia edo armarria aukeratuko dituzte, partaidetza prozesu batean.
Zaldibia izenaren «benetako esanahia» islatu behar du «herritarrengandik gertuago» egongo den irudi berriak. Udalaren ikurra izango da prozesuan aukeratzen dena: udalaren orri ofizialetan, gutun-azaletan, ibilgailuetan, langileen arropetan edo instalazioetan agertuko da. «Baita udal eraikin berriaren fatxadan ere», dio udalak.
Bestetik, gaur egungo armarriak sortzen duen «nahasmena» konpondu nahi da. Oraingo irudian bi zaldi ageri dira, baina Zaldibia izenaren interpretazio okerra litzateke. Zaldi ibia, zaldiak joateko bidea baita etimologia, adituen esanetan.
Irudi korporatiboa berritzeko erabakia udalbatzak aho batez hartu zuen, urrian. Prozesuko emaitza errespetatuko du.
Prozedura eta txandak
Partaidetza prozesua gidatzeko jarraipen mahaia osatu du udalak, sei kiderekin: Eztitxu Mujika alkatea, Jon Luloaga (EH Bildu) eta Esti Jaka (EAJ) zinegotziak, Mikel Urteaga udal langilea, Ustaritz Ormaetxea (Herri Hezitzaileko herritarra) eta Gattiken komunikazio enpresako bat.
Lehen lana herritarren iritziak biltzea izango da. Galdetegi bat bidali dute etxeetara, lau irudirekin. Prozesuaren inguruko iritzia, eta irudi horiek gutxiengo eskakizunak edo baldintzak betetzen dituzten galdetu dute, aukeraketara eramateko.
Galdetegia bete, eta kultur etxeko kutxan sartu behar da. Sare sozialen eta sakelako telefonoen bidez ere eman liteke iritzia. Eskolan ere landuko dute gaia. Ostiralera arte (azaroak 27) dago ekarpenetarako denbora.
Behin ekarpenak eta iritziak jasotakoan, herritarren bigarren txanda hasiko da, aukeraketarena. Abenduaren 14tik 20ra bitartean, Karreane kultur etxean eman beharko da gustuko diseinuaren aldeko botoa. Zaldibian erroldatutakoek soilik parte hartu ahalko dute fase horretan.
Boto gehien jaso duen irudia izango da Zaldibiako armarri edo ikur berria, etxe berrirako.