Goierriko Neska Gazteak taldearen adierazpena
Azaroaren 25a dela eta, Goierriko Neska Gazteak taldeak adierazpena eta bideoa zabaldu ditu, "Autodefentsa feministaz desnormalizatu!" goiburupean:
Azaroaren 25a borroka eguna da, eta ez hori bakarrik, guretzat abiapuntu bat ere bada, Goierriko Neska* Gazteok duela gutxi saretu baikara. Indarrak batu, jasaten ditugun hainbat zapalkuntza zein eraso identifikatu eta horiei erantzuten hasteko eguna dugu. Eta argi dugu, bai, jendarte heteropatriarkal kapitalista honi aurre egiteko tresna feminismoa dela.
Hausnarketa kolektiboan oinarrituta identifikatu izan ditugu beti aipatutako zapalkuntza eta eraso horiek. Aurten bizi dugun testuinguruan, gainera, inoiz baino garrantzitsuagoa da egoera kritikoki aztertu eta erantzuna ematea. Pandemia egoera honetan betikoak aberasten ari diren bitartean, ondorioak gure egunerokotasunean betikook jasaten ditugu. Esaterako, lan prekarietatea asko igo da azken hilabete hauetan, zer esanik ez neska* gazteon artean. Lan baldintza oso kaskarretan ari gara lanean, gure segurtasuna ez dago bermatuta zenbait kasutan, batzuk kontraturik gabeko lanetan aritzera behartuta gaude eta, hori gutxi balitz, langabezia tasak izugarrizko gorakada izan du. Horrek guztiak dakartzan ondorioak gazteon bizkar gainera bota dituzte. Hezkuntza munduan ere gauza bera gertatu zaigu. Ikasleok argi daukagu kalitatezko hezkuntza jasotzeko gure eskubidea ez dela inoiz bermatu eta are gutxiago gaur egungo egoeran. Hartutako erabakiak gure baldintzak zein iritziak kontutan hartu gabe inposatu dituzte. Horren aurrean kexatu gara, baina ez digute entzun nahi.
Osasunaren izenean hartu dituzten neurriek kontrol soziala eta produkzioa dituzte helburu, baina oker dabiltza robotak garela uste badute. Gure beharrak kontutan hartu gabe isolatu gaituzte, ondorioak isilaraztera behartuz. Baina, gaur inoiz baino ozenago eraso matxisten gorakada salatuko dugu. Honi erantzuteko kolektiboa, antolaketa eta elkar zaintza dira gure tresna garrantzitsuenak, baina orain neska* gazteoi espazioa lapurtu digute, parez pare elkartzeko aukera kendu digute eta ozen esan nahi dugu gure jarduna ere beharrezkoa dela.
Gure hasiera ez da erraza izan, elkartzeko eta antolatzeko zailtasunak izan ditugu. Produkzioari lotutako jardunak aurrera jarraitzen duen bitartean, bizitza soziala eta militantzia gelditzera behartu gaituzte. Horren aurrean Goierriko Neska* Gazteok asko dugu aldarrikatzeko. Oztopo guztien gainetik borrokan jarraitzen dugu guretzako espazio seguru eta erosoak sortuz. Erasotzen gaituztenak deseroso sentiarazi arte lanean jarraituko dugu, sistemaren erdigunean zaintza eta bizi baldintza duinak jarri arte.
Saretu gara eta borrokan jarraitzeko indartsu gaude, sistemaren zapalkuntzen aurrean kaleak hartu ditugu eta ez gaituzte geldituko, normaltasun berria desnormalizatzera goaz. Goierriko Neska* Gazteok elkar zainduz autodefentsa feminista!
Gora borroka feminista!
Goierriko Neska Gazteak