Irizar e-mobility enpresak 'Made in Euskadi 2019' saria jaso du
Bilboko Guggenheim Museoan egindako Euskal Enpresaren Gaua galan izan da sari banaketa. Guztira, hainbat enpresa eta erakunderen 200 ordezkari izan dira bertan.
Irizar taldeko Irizar e-mobility enpresak berri ona jaso du, ‘Made in Euskadi 2019’ sariaren irabazlea izan baita. Bilboko Guggenheim Museoan ospatutako Euskal Enpresaren Gaua galan izan da sari banaketa eta, guztira, hainbat enpresa eta erakunderen 200 ordezkari izan dira bertan.
Rafael Sterling Irizar taldeko zuzendari nagusiak “harro eta pozarren” daudela adierazi du hedabideei helarazitako ohar baten bidez: “Sari honek Irizarrek azken urteotan egin duen jauzi estrategiko eta teknologikoa aintzat hartzen duelako”. Zuzendariak gehitu du “aberastasuna eta enplegua” sortzen eta berrikuntzan, garapen teknologikoan eta I+G+B-an lan egiten jarraituko dutela: “Gure markari indarra ematen dioten balioetan inbertitzen jarraituko dugu”.
2016an sortu zuen Irizar Taldeak Irizar e-mobility enpresa, baina 2011n ekin zioten horri bultzada estrategikoa emateari. Fakturazioa 11 milioi eurotik 75 milioi eurora igo dute eta 240 langile ditu guztira orain. Urtean 1.000 ibilgailu ekoizteko ahalmena du eta Europako zortzi herrialdetan saldu dituzte: “Helburua Europako merkatuetan hazten eta kokatzen joatea da”, esan dute oharrean.