Udalak, Ekoguneak eta Caritasek baratzeen hitzarmena luzatuko dute
30 metro koadroko hamasei eremu libre daude eta zozketa bidez esleituko dira. Abenduaren 4a baino lehen eman behar da izena
Baratze sozialen parkeak jarraipena izango du. Beasaingo Udalak iragarri du Kutxa fundazioaren Ekogunearekin eta Caritas Sarearekin duen lankidetza hitzarmena berrituko dutela.
Baratzeen onurak askotarikoak dira: langabezian dauden pertsonentzat funtzio okupazionala betetzen dutela azpimarratu du udalak; gainera, langintza honekin lursailen emaitzak auto-hornikuntzarako erabiltzeko aukera dago, ereindakoa norberaren kontsumorako baita.; elikadura eta ohitura osasuntsuak sustatzeko ere balio du; aisialdi aktiborako topagunea da, “giza talde ezberdinen arteko elkarbizitza eta harremana bultzatzen duen gune berdea”; naturarekiko errespetua sustatzen du.
30 metro koadroko 57 lursail daude, Gudugarreta auzoko Ubiotz eremuan, Estanda errekaren ertzean. Hamasei baratza hutsik daude, hiru urteko lagapena iraungi egin baitzaie, eta udalak eskariak egiteko epea zabaldu du. Izena emateko eskaera inprimakiak bete eta horiek Udal informazio bulegoan, iGunean, edo erregistro elektroniko bitartez aurkeztu beharko dira. Edonork har eska dezake, betiere, azken bi urteetan Beasainen erroldatuta egon bada eta administrazioarekin zorrik ez badu. Abenduaren 4a izango da izena emateko azken eguna. Zozketa bidez esleituko dira partzela.