Iazko kontuak galerekin itxi izanak tentsioa sortu du Enirio-Aralar Mankomunitatean
Mankomunitateko 2019ko kontu orokorretako 17.092 euroko gerakin negatiboak, onartu berri den 2020ko aurrekontuan ere eragina izango du
Enirio-Aralar Mankomunitatearen zuzendaritza batzarrean eztabaida izan da nagusi, beste behin ere. Gatazka iturriak, batetik, Adur Ezenarro lehendakariak aurkeztu dituen 2019ko kontu orokorrak, altxortegiko gerakin negatiboa agerian utzi baitu. Ezenarrok argudiatu zuen, EH Bilduk Enirio-Aralar Mankomunitatearen lehendakaritza hartu aurreko kudeaketa txarraren emaitza dela. Bestetik, 2020ko aurrekontuak azken urteetako baxuenak (152.522,22 eurokoa) eta inbertsio indartsurik proposatzen ez duenak EAJren udalen haserrea piztu du. Dena den, guztia onartu zen, nahiz eta EAJko udalen babesik ez jaso.
Azaroaren 12ko batzarreko lehen puntuak, 2019ko kontuen onarpenari zegokionak, 17.094 euroko zuloa agerian utzi zuen. Mankomunitatearen lehendakariak, kontu hartzaileak xehetasun osoz prestatutako txostena azaldu zuen, ikus zedin, non egon litekeen arazoa.
Emandako argudioek baina ez zituen ordezkari jeltzaleak asetu. Beasaingo alkatea Aitor Aldasorok behin eta berriz aurpegiratu zion Ezenarrori, mankomunitatea EH Bilduk gidatzen duela orain.
Aldasororen akusazioei erantzunez, txostena aletu zuen. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero burutzen duen kapital transferentzia ez da aurreikusita zegoen kopurura iritsi; 200.000 euroren ordez, 118.939,43 jaso direla azaldu zuen. Alabaina, diru-laguntza horrekin burutzen diren Mendiko Hobekuntzak inbertsioen partidako gastuek kopuru hori gainditu dute, eta hortxe desoreka nabarmena eman da.
Bestalde, mahai gainean jarri zuen 2019ko maiatzaren 1ean Aralarko larreen irekieragatik Larraitzen egiten den festak izan zuen kostua. Izan ere, Hainbat Gastu deituriko partidarekin ordaintzen dira egun horretakoak. Aurrekontuan jasotako gehienezko kopurua, 8.000 eurokoa da eta guztiz gainditu zen hori (16.132,29 euro). Kontu Orokorreko negatiboak, eragin zuzena du 2020ko aurrekontuan. Izan ere, arau fiskalak betetzeko proposatutako neurria da aurrekontua 17.094 euroko superabitarekin onartzea, eta horrela konpentsatuko litzateke.