Hausnarketa prozesuko 2. saioa egingo dute gaur
Udaletxean bertan 18:00etan izango da. Ezkiok inguruko herriekin duen harremana aztertu eta Ezkio-Itsaso berriro udalerri bakarra izateak dituen ondorioak azalduko dituzte
Urrian Ezkioko Udalak martxan jarritako hausnarketa prozesuko bigarren saio irekia egingo dute gaur, 18:00etan, udaletxean bertan. Urriaren 6an izan zen aurkezpen saioa, herritarrei prozesuaren berri emateko. Urriaren 15ean, berriz, lehenengo saioa irekia egin zuten.
Bigarren saioaren helburua ezkiotarrek inguruko herriekin eta administrazioekin duten harremana aztertzea, baloratzea eta erabakiak hartzea izango da: «Etorkizunean aldaketa posibleak beharrezkoak diren ala ez herritarrekin batera erabakitzea», azaldu du udalak hedabideei helarazitako ohar baten bitartez.
Ezkioko herritarrek bizitzako hainbat esparrutan beste herri batzuetara jotzen baitute sarri, eta hainbat eremu partekatzen dituzte inguruko herriekin: zerbitzuak eskuratzeko, eskolara edo lanera joateko, aisialdirako edo erosketak egiteko. Udalak, hori dela-eta, urteetan inguruko herriekin hitzarmenak egin ditu, besteak beste, landa garapena sustatzeko edo kultur jarduerak garatzeko: «Ohikoa eta beharrezkoa da denon interesekoak diren helburuak lortzeko herrien arteko elkarlana», adierazi du udalak oharrean. Hitzarmen horiek Goierri garaiko herriekin egin dituzte arlo batzuetarako, eta Goierri beheko herriekin beste batzuetarako. Horrela, Ezkio administratiboki zein eskualdetan kokatuko luketen baloratzeko izango da prozesua.
Udalak azaldutakoaren arabera, beste herriekin partekatzen diren zerbitzuek, kontsumo ohiturek, eskola mapak edo lan eremuak herritarren bizitzetan zein udal kudeaketan izango duten eraginaren inguruan hausnartzea izango da prozesuaren oinarria, eta baita aldaketa posibleek ekar ditzaketen onurak zein diren ezagutzea ere. Horren harira, proposamenak adostuko dituzte herritarrekin gaurko bigarren saio ireki horretan.
Udalerri bakarraren auzia
Bestalde, Ezkio-Itsaso udalerri bakarra izango denez berriro urte amaierarako, auzi hori ere izango dute hizpide. Desanexio prozesua bertan behera uzteak izango dituen ondorioak azaldu eta itsasoarrekin egindako elkarrizketen berri emango dute.