Amaren intxaurrondoa
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek ikuskizun berria aurkeztu diete Legazpiko haurrei. Heriotzaren gaia landu dute. Amaieran intxaurrondo sinboliko bat oparitu diote herriari
Latxartegi aretoko eserlekuak urduritasunez, garrasi alaiez, barre algaraz, kantuz eta dantzaz bete ziren atzo. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eta pailazoen taldeko kide guztiek izan zuten errua. Amaren intxaurrak ikuskizun berria aurkezten izan ziren Legazpin, herriko haur txikienen aurrean bi emanaldi eskainiz. Goizean Domingo Agi- rre eskola publikoko ikasleen txanda izan zen, eta arratsaldean, Haztegi ikastolakoena.
Aretoaren edukiera erdira murriztuta ere, 280 haur legazpiarrek izan dute beste urte batez euskal pailazo ezagun horien lan berria ezagutzeko pribilegioa, udaleko Gazteria eta Hezkuntza sailari esker.
Urteroko hitzordua
Urteak dira Legazpiko herriaren eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen arteko elkarlana hasi zenetik. 2000. hamarkadako lehen urteetatik etortzen dira udazkenero pailazoak Legazpira bere azken lanaren aurre estreinaldia egitera. Ikuskizuna publikoaren aurrean probatzeko, ikusleen erreakzioak neurtzeko eta azken egokitzapenak eta ukituak egiteko unea da. Eta horretan, legazpiar ikasle txikienen laguntza ezinbestekoa geratzen zaie.
«Guretako plazerra da hona etortzea eta urteroko bisita egitea», esan zuen Jose Mari Agirretxe Porrotxek lehen emanaldiaren amaieran, aurtengo egoeraren ondorioz ikuskizuna ikustera haur gutxiago joan izana penaz hartu dutela aitortzeaz bat. Beste urteetan haur helduagoak joan izan dira pailazoen emanaldira, baina aurten aretoaren edukiera erdira murriztuta, ikusle kopurua ere beste urteetakoaren erdia izan da. Haur helduago horien falta sumatu dutela esan zuen Porrotxek, izan ere «haurrak hazten doazen arren, euren ilusioa eta kantatzen dutela eta dantzatzen dutela ikustea oso pozgarria da».
Heriotzaren gaia
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 33 urte daramazkite lanean, eta ibilbide luze horretan gai ugari landu dituzte euren lanetan, «gertuko gaiak, gure inguruan bizi ditugunak, egunkarietan edo irratietan, edo herrietako bizitzetan topatu ditzazkegunak». Hala, familia eredu ezberdinak, hezkidetza, inklusioa, bizikidetza, natura, gaixotasuna eta beste hainbat landu dituzte, eta aurten, bizitzaren parte den heriotza.
«Haurrak ere ukitzen duen gaia da heriotzarena, senideak direla, aiton-amonak, gurasoren bat, haurrak ere hiltzen dira… landu beharra dago». Heriotzaren aurrean nola erantzun eta nola jokatu ez jakitetik sortutako proposamena izan da Amaren intxaurrak lana.
Ikuskizunean, Marimototsen Loreto amaren heriotza hartu dute ardatz, eta hura agurtzeko kantuak, jolasak, kalejirak eta zuhaitz bat, intxaurrondo bat, dituzte bidelagun. Loreto gogoratzeko landatu zuten intxaurrondoa, eta intxaurren bidez, haren bizipenek eta transmititutako balioek bizirik diraute.
Amaren intxaurrak ikuskizuna izen bereko ipuinarekin, diskoarekin, ipuin animatuarekin eta eskoletan lantzeko unitate didaktikoaz lagunduta dator.
Intxaurrondoa opari
Ikuskizunaren amaieran, heriotzaren eta agurraren sinbolotzat erabilitako intxaurrondo bizi bat oparitu zion Legazpiko herriari pailazo taldeak. Koldobike Jauregi alkateak, Maite Lonbide hezkuntza zinegotziak eta Isa Sanz hezkuntzako eta gazteriako udal teknikariak jaso zuten oparia, eta landatu eta heriotzaren gaiaren inguruan herri mailako lanketa bat egingo dutela agindu zieten pailazoei. Ikasturtean zehar egiten dituzten ikuskizun guztietan oparituko dute intxaurrondo bat.