Aralarrekiko, ganaduzaleekiko eta artzainekiko utzikeria salatu du EAJk
Azaroaren 12ko batzarra igarota, bertan onartu zenaren bueltan ezinegona erakutsi du EAJk. Jeltzaleen ustez, batzarrean hartutako erabakiek «berriz ere EH Bilduk Aralarrekiko duen utzikeria bistan uzten» du, Mankomunitatea EH Bilduren esku dagoenetik «Aralarren ez baita ia inbertsiorik egin». 2020ko aurrekontua azaroaren 12an onartu da, 150.000 euro inguruko aurrekontua, eta bertan, «3.500 euroko mantenu lanak baino ez dira jasotzen, gainerakoak egitura mantentzeko bakarrik dira».
Azaldu dutenez, Enirio-Aralar mankomunitatearen ardura da «mendia mantentzea» eta salatu dute onartutako aurrekontuak ez duela horrelakorik erakusten: «Mankomunitatearen egitura bakarrik mantentzen du, ganaduzaleak eta artzainak bazterrera utzita».
Gainera, hautsak harrotu nahian dator EAJ, iragan ekainaren 6an, printzipioz itxita geratu zen gai bat berriro ere azalera aterata; Goilarre programan sartzeari ezezko erantzuna eman izana. Eta hain zuzen, ekainaren 6ko hartan, Adur Ezenarro lehendakariak inbertsioei dagokionez, programa horri uko egin izana halaxe arrazoitu zuen: «Koronabirusaren ondorioz, mankomunitateak foru aldundiarekin duen hitzarmena gauzatzeko diru- partidarik ez dagoenez, 2020ko aurrekontuetan, Goilarre programan parte hartzeko eskaini» zitzaiela eta horrek, «urte luzez mankomunitateak izandako hitzarmena eredu berri batekin ordezkatzea dakarrela». Goilarre programaren bidez, «xehaketa lanak baino ez lirateke burutuko, baina horretarako, beste ekarpen berezi batekin finantzatu beharko genituzke inbertsio horiek, 21.114 euroko ekarpen berezi batekin».
Hilabeteak pasa eta gero, EAJk dio «bereziki mingarria» dela «Goilarre programaren baitan aldundiaren ia 52.776 euroko diru laguntzari uko egin izana. Gainera, EAJk ez du ulertzen, mankomunikatean Goilarreri ezetz esan dioten hainbat ordezkarik, beren herrietan baiezkoa eman izana».
Azkenik, azaroaren 18rako, Amezketako ordezkariak lan taldearen bilera deitu zuela esan du EAJk, eta salatu du, Batzorde iraunkorraren bilera egin zenik ere ez zaiela orain arte jakinarazi. Gainera, egun hartan EH Bilduk proposamen bat aurkeztu zuela dio. Proposamenaren muinaz ezer gutxi argitu du EAJk, baina bai esan du, EH Bilduren proposamen hura, mankomunitatearen logoarekin aurkeztu zela, eta hori «onartezina» dela.