CAFeko atarian protesta egingo dute etzi, Palestinako tranbiaren proiektua aurrera doalako
Jerusalem eta Palestinako kolonia ilegalak batuko dituen tranbiaren lanak hasi dira. CAFek hornituko du tranbia, nahiz eta langile batzordeak aho batez eskatu zion eskariari uko egitea
Palestinako kolonia ilegalak lotuko dituen tranbia israeldarraren proiektua bidea egiten ari da. Obrak hasi dira Eau de CAF plataformak salatu duenez. CAFek hornituko du tranbia sarea, nahiz eta Beasaingo enpresako langile batzordeak aho batez eskatu zion zuzendaritzari ez zezala parte hartu Jerusalemgo tranbia hornitzeko lehiaketan. Protestak antolatu dituzte hego Euskal Herriko hiriburuetan, Tolosan eta Beasainen. Goierriko elkarretaratzea 12:00etan izango da, porteriako eraikinaren parean.
? AZKEN ORDUKOA ? Iritsi berri zaizkigun argazki hauek Jerusalen hiria Palestinako kolonia ilegalegekin lotuko duen tranbiaren obrak hasi direla egiaztatzen dute, nahiz eta #CAF-en zuzendaritzak informazioa ezkutatu nahi duen. #CAFJaitsiZaitezIsraelenApartheidarenTrenetik pic.twitter.com/BjZf7eCimk
— Eau de CAF (@EauDeCaf) November 25, 2020
Eau de CAFek, ohar bidez, gogorarazi du Euskal Autonomi Erkidegoak CAFen akzioak dituela Eusko Jaurlaritzaren bidez. “Ziurtatu beharko luke diru publikoak, gure diruak, ez duela Israel babestuko palestinarren lurrak legez kanpo okupatzen dituelako. Are gehiago erasoaldi diplomatiko berri bat abian den honetan”. “Orain, inoiz baino gehiago, Herri Palestinarraren aldeko elkartasun jarrera argia eta eraginkorra hartzea ezinbestekoa da eta euskal erakunde eta eragileei, hala nola CAF enpresari, Israelen kolonizazioaren konplize izateari uzteko exijitu behar diogu. Palestina ez baitago bakarrik eta sionismoaren konplize ez den Euskal Herria nahi dugu”. Historiaren alde zuzena dela azpimarratu dute.
Boikot eskaera
Palestinatik Israelen aurkako Boikor, Desinbertsio eta Zigorren kanpaina deialdia berretsi dute, 2005. urtean egin bezala. Eau de CAFek herritarrei deialdiarekin bat egiteko eskatu die, Palestinari elkartasuna aktiboki emateko eta Israelen kolonizazio sionistaren konplize direnak salatzeko. “Historiak irakatsi digu Israelen kolonizazioaren konplizitateen aurkako ahaleginak eraginkorrak direla palestinar herriaren eskubideen defentsan”, diote. 2005. urtean Frantziako Veolia enpresak tranbia eraikitzeko asmoei uko egin ziela oroitu dute, herritarrek egindako presioagatik.