Kolorea feria alaitzeko aproposa
Azalore morea, pipita gorridun erratza, lehen ponsetiak atzoko produktu berrien artean. Plazaz gain Goen Plaza, Barrena aurrea eta zuhaiztia ere postuen kokaleku dira.
Azaroko azokak atzokoarekin bukatu ziren. Eguraldi politeko asteazkenak joan dira. Eta orokorrean udazkena goxo doa. Izotzik ez orain arte eta egun eguzkitsu asko lagun izanik mahai gainetan horren seinaleak ikusten ditugu, aire libreko piper morroak eta marrubiak esate baterako Arantza Zurutuzaren postuan, piperminak Lurdes Zurutuzak…
Halere garai honetan azen familiako barazkiak dira ugarien ikusten direnak, eta atzo deigarriena azalore morea izan zen. Ohiko azalorea baina garestixeago da (0,5 euro gehiago) eta arrazoiak ez du misterio handirik. «Hazia bera garestiagoa da, gainerakoan bestearen garapen bera du, Frantziatik ekarritako hazitik datorren azalorea da», aipatu digute Izagirre-Iparragirre Monteseneko senar emazteek. Hantxe bertan pipermin gorri lehortua ere bazuten, «edozein saltsa bixitzeko aproposa». Arantxak «euroan eskukada», salneurria finkatzeko modu berezia du.
Aurtengo Gabonak nolakoak izango diren nahikoa hizpide ematen ari den honetan, lehen seinaleak agertzen hasi dira. Hala nola erratz adarrak (Ruscus aculeatus) edo arkazatza tokika Edurne Jauregik eta lehen ponsetia landarea Azanzaren postuan.
Mikologia atala aberats dabil azken aste hauetan. Aukeran atzo ere onddoa, esnegorria, gorringoa, saltsa perretxiko beltza, mendiko angula, zizahoria, kardu perretxikoa, marasmio jangarria Lasa eta Basoa bi saltzaile nagusien artean eta inguruan bildutako gibelurdin kiloa Arantxa Zurutuzak (28 euroan kiloa). Salgai ikusi ez bagenituen ere, udaberriko ziza apur batzuk bildu dituztenekoa ere jakin genuen.
Goen plazan berriz bi postu
Plazatik gora joan eta ezkerretara txokoan gelditzen den Goen plazan bi postu jarri dituzte berriz ere. Lezo bakailao saltzaileak hortxe daramatza urteak astero. Udazken erditik udaberria nahikoa aurreratua den artean Valentziako Costa etxeko laranja saltzaileak jarri ohi du bere postua atzeraxeago. Amaiur Mujika salmentaz arduratzen da eta Valentzia Alikanteko produktuak izaten ditu, laranja, ahuakate, limoi, mandarina… Bestalde fruta saltzaileen egungo kokagunea beheko zuhaiztia da azken hilabeteetan. Barrena aurrea eta Gudarien Etorbidean ere hainbat postu daude.