Zaintza, eztabaidagai
Herrilab proiektuak adin txikikoen eta gixotasunen edo mendekotasunen bat duten pertsonen zaintzak erakustarazteko online saioa antolatu du
Herrilab proiektuak adin txikikoen eta gaixotasunen edo mendekotasunen bat duten pertsonen zaintzak erakutsarazteko online saio bat antolatu du. Astelehenean izango da, 18:00etatik 19:00etara, zoom bidez. Parte hartzeko galdetegi hau bete behar da. “Gai horrek garrantzi sozial handia hartu du, Covid-19k sortutako pandemiaren inpaktua dela eta”, diote antolatzaileek.
Matxalen Legarretak eta Edu Portillak gidatuko dute saioa. Legarretak koronabirusaren krisian zehar zaintzen egoerari buruz hitz egingo du, eta Portillak gizonek egoera honetan izan duten eta izaten ari diren rolari buruz hitz egingo du. Goxara, Oriako Lamiak eta Asmubeko eragileek ere parte hartuko dute euren esperientziak ezagutarazteko. Entzuleek ere hitza hartzeko aukera izango dute.
Herrilab, Gipuzkoan aitzindari
Herrilab Beasaingo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean sustatutako proiektua da, herritarren, erakundeen, sektore ekonomikoaren eta hezkuntzaren artean batera eraikitzen dena. Helburua bizitza pertsonala, familiakoa eta profesionala hobeto uztartzeko eta emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna sustatzeko neurriak praktikan jartzea da.
Ahots paraleloak programa da proiektuaren adarretako bat. Helburua, kontziliazio erantzunkidearekin lotutako gaiak herritarrekin lantzea eta horiekiko sentsibilizatzea da.