Azaroa Zientziaroa zikloko azken hitzaldia bertako ekintzaileek egingo dute
Iker Agirrezabal, Mikel Alvarez, Eñaut Tolosa, eta Erkuden eta Leire Mendizabal igoko dira oholtzara. Antolatzaileak gustura daude zikloa mantendu dutelako. Aretoa ia osorik bete dute beti
Lemniskata sareak antolatzen duen Azaroa zientziaroa zikloko azken hitzaldia eskainiko dute gaur Iker Agirrezabal, Mikel Alvarez, Erkuden eta Leire Mendizabal eta Eñaut Tolosa ekintzaileek eta ikerlariek. «Urtero eskaintzen diegu eskualdeko ikerlariei eta ekintzaileei oholtzara igotzeko aukera. Behar eta merezi dute, euren ahalegina txalotzekoa da eta», dio Jose Luis Etxezarreta Lemniskatako kideak. Hitzaldia Igartzako Jauregian izango da, 19:00etan.
Agirrezabal injeniaritza kimikoan doktorea da. Katalisi heterogeneoaren inguruan egin ditu ikerketa lanik nagusienak eta lan hauetako asko artikulu zientifikoetan publikatu dira eta hamabost proiektu nazional eta internazionaletan baino gehiagotan parte hartu du.
Gainerakoen alorra komunikazioa da. «Horixe da nire grina, istorioak kontatzea», dio Alvarezek. Erkuden eta Leire Mendizabalek Tandem komunikazio grafikoko enpresa zabaldu zuten duela hamaika urte. Tolosa, berriz, zinemagintzan trebatu da: postprodukzioa, ekoizpena eta gidoigintza.
Aurrera atera dira
Etxezarreta «gustura» agertu da orain artekoarekin. Aurrez aurreko hitzaldiei eustea erabaki zuten, edukiera murriztuarekin, eta Igartzako aretoa ia beti bete egin da. «Kulturari eta zientziari lekua eman nahi genion egoerak eskatzen duen segurtasun neurriekin».
Zientziaroa ez da gaur amaituko: Goierri mende bat lehenago erakusketa hilabete amaierara arte egongo da Igartzako errotan. Goierriko beste hainbat herrietara eramango dute gero. Argazki lehiaketa ere zabalik dago.